Egunak aurrera zihoazen eta Agirren ez zegoen berririk, Blanca, Edorta eta hirurok orduak pasatzen genituen etxeko eskaileretan jarrita, itxaroten. Ezin egona ikusten genuen Amama Josepa eta Benita andrearen aurpegietan eta Mariak ez zuen erantzun. Leiho ondoko aulkian eserita zegoen, eskuak mantalean estututa eta begirada leihoan galduta. Mariari berdin zitzaion zer gerta zitekeen. Itxaroteaz nazkatuta zegoen eta gero eta argiago zuen Bilborako bidea hartu beharko zuela.
Edortak ezin zuen itxaron eta ordu bete baino gutxiagoan hiru aldiz irten zen bidean gora baten bat zetorren ikusteko. Baina ez zen inor heltzen, oso urduri zeuden denak eta nik beste behin galdetu nuen nire inozentziatik:
– Gaur be ez da inor etorriko ezta?
Inork ez zidan erantzun. Agirren ez zen girorik. Denbora asko pasa zen Amatxo Emili eta Izeko Karmen Bilbora joan zirenetik, eta inork ez zekien ezer.
Larrinagan Izeko Karmen eta Bizenta kanpoan zeuden, antza denez, Amatxo Emili barrura sartu zuten galdera batzuk egiteko. Beldurra barruraino sartuta zuen Izeko Karmenek, eta Bizentak besarkada goxo batean estutzen zuen.
– Lasai dana ondo urtengo dau eta!- Bizentak belarrira esan zion Izeko Karmeni.
Ilara luzea zegoen Larrinagako atean, alde batera egin zuten emakume biak, besteei lekua uzteko. Ilaran zurrumurruak entzuten hasi ziren, itxaronaldia luze egin zitzaien, ondo ulertzen ez zituzten hitzak entzuten zituzten euren inguruan. Izeko Karmen beldurraren menpe zegoen, ez zekien non eta zertan zegoen bere ahizpa.
Bizentak ingurura begiratu zuen, ea ezagunen bat ikusten zuen. Ilaran aurrera egin zuen pixka bat. Mugimendu hura ikusita, uniformedun gizonak jendea atzeratzen eta sakabanatzen hasi ziren.
Bizenta gora eta behera ibili zen horretan Larrinagako ateari begirik kendu gabe egon zen Amatxo Emili irtengo zen edo ez ikusteko. Hormaren kontra zeuden gizonen artean batek burua altxatu zuen segundo batez. Une berean, paper zati txiki bat askatu zitzaion eskuetatik. Lurrera erori zen, inork ikusi ez balu bezala.
Bizentak bai, ordea.
Izeko Karmenek ate ondoan jarraitzen zuen geldik, beldurrak harrizko estatua bat sortu balu bezala, Bizenta berriz gerturatu zen Karmenengana eta disimulu handiz lurrean zegoen papertxoa jaso zuen eta ondo gorde zuen Karmen enteratu gabe. Ez zekien zer zen argi, baina, bihozkada batek paper hori hartzeko esan zion.
Bizentak buru hotz zuen eta argi zeukan ez zuela handik alde egingo Amatxo Emili non zegoen jakin arte. Izeko Karmenek ez zekien zer egin; bere ahizpa non zegoen jakin baino ez zuen nahi, ondo zegoela. Ezin zuen bere bizitzako sostengurik handiena egun batetik bestera galdu. Beraz, Bizentak berriz eskutik heldu zion eta hantxe gelditu ziren tinko itxaroten.
Agirren gero eta urduriago zeuden eta tentsioak gora egin zuen, Mariak ez zuen gehiago jasaten eta Bilborako bidea hartzeko maleta egin eta bidean jartzea erabaki zuen, baina Amama Josepa eta Benita andreak gelditu zuten. Ezin zen plan gabe, horrela beroan joan. Dena pentsatuta eraman beharra zegoen eta gehiago Mariaren egoeran. Berriro kartzelara sartzeko aukera baitzegoen. Gure zutabe handiena ez zen inoiz hainbeste denboran etxetik kanpo egon. Aspaldian ez genuen haren besarkadarik jaso, eta lehen aldiz, berriro jasoko ote genituen zalantza egiten hasi ginen.