Abentura txiki hura hautsi egin zen instant baten, Reme heldu zen momentutik hankaz gora jarri zen Agirreko bizimodua, amildegia nik pentsatzen nuena baino arinago iritsi zen. Edorta, Blanca eta hirurok ere beldurtu ginen, Amama Josepa eta Benita Andreak ezin zuten beraien ardura aurpegia ezkutatu. Amatxo Emili, Aitatxo Anton eta Izeko Karmen Durangora jaitsi ziren erantzunen bila, ea Pedroren lagunen baten topatzen zuten zerbait galdetzeko, non egon zitekeen jakiteko.
Mariak ez zekien zer egin, berak bizitakoa eta gero, beldurra barreneraino sartu zitzaion. Baina hala ere, neskak lasaitzera igo zen euren gelara. Ordu luzez egon ginen gu sukaldean, sutondoan eta Amama Josepa leihotik begira, noz etxeratuko ziren zain. Amama Josepak eta Benita Andreak ez zuten hitz erdirik ere esan, lehenengo istorioa kontatu zigutenetik.
Goizaldean bueltatu ziren Amatxo Emili, Aitatxo Anton eta Izeko Karmen etxera, gu Mariak oheratu gintuen berandu batean, ez ginelako oheratzearen aldekoak, Amatxo Emilik gabon musua eman aurretik. Gau hartan, Mariaren eztizko musuarekin konformatu behar izan ginen. Normalean, Amatxo Emilik eta Mariak eztizko eta hainbeste faltan botatzen genuen txokolatezko gabon musuak ematen zizkiguten, amets goxoak izan genitzan.
Maria, sukaldean gelditu zen Amama Josepa eta Benita Andrearekin batera, hirurak eskuak hartuta pasatu zuten gaua, ez zekiten Pedrori zer pasatu zitzaion ezta nola bueltatuko ziren bere bila joan ziren hirurak. Bazekiten nolakoak ziren eta edozer egingo lukete Pedro topatzeko.
Gauren iluntasuna argitzen hasi zenean, Amama Josepak urrunetik ikusi zuen Amatxo Emilik eskuetan eraman zuen kriseilua, San Roken gora zetozen Agirreko bigarren errebuelta hartu zuten eta Agirre zaharrera joateko bidegurutzera iritsi zirenean, sukaldeko leihotik kriseiluaren argia ikusi zuen urrunean. Etxe aurrera irten ziren hirurak eta Reme eta Pilar ere jaitsi ziren, gu etxearen beste aldean geunden eta ez ginen ezertaz enteratu biharamunerarte.
Hasieran denak poza sentitu zuten euren barrenean, kriseiluaren argitxoa ikusi zutenean, oraindik urrun zeuden eta ezin zuten zenbat zetozen zenbatu. Agirrera iristeko azken errebuelta hartu zutenean poz guztiak negar malko bihurtu ziren, Reme korrika joan zen Amatxo Emiliren besoetara eta malkoz betetako besarkada estu batek batu zituen biak. Aitatxo Anton ez zen ezer esateko gai izan, isilik eta serio etorri zen. Izeko Karmenek kontatu zien gertatutakoa, Durangon mila buelta eman zituztela ea Pedroren lagunen bat aurkitzen zuten, baina Goienkalen gertutakoa eta gero, ezkutuan zeuden denak eta ezagunen bat topatu ezkero isilik gelditzen zirela.
Beldurra zegoen Durangon errotuta, Amatxo Emili, Izeko Karmen eta Aitatxo Anton esku hutsik etorri ziren eta ez zegoen inon Pedroren berririk. Galtzaileak galtzaileago egiten zituen errepresio hark beldurra sortu zuen Durango eta inguruetan. Jende askok hanka egitea pentsatu zuten, baina Agirren laster utzi zuten alde batera aukera hori, gainera gehiegi ginen inoren etxera joateko.
Oraindik gogoan daukat hurrengo egunean Amatxo Emilik eta Izeko Karmenek eman ziguten besarkada dardarti hura. Ez zekiten non zegoen Pedro baina Agirreko abentura txiki hartan babesten gintuzten.