Ezin egona zen Agirren nagusi

Ezin egona zen Agirren nagusi, ez genekien Pedro non zegoen ezta nola zegoen ere. Tentsioa nabari zen eta abentura txiki hark arrakala handi bat zuela sentitu nuen. Amatxo Emilik, Izeko Karmenek eta Mariak egonaldi luzeak egiten zituzten soloan, gu babesteko egiten zutela uste nahi dut, gu ahalik eta ondoen egon gintezen. Soloan lanean eta euren kezkez eta ardurez haritzen ziren, ez zekiten Pedro non zegoen ezta zer gertatuko zitzaion.

Aitatxo Anton berriz, urduri zegoen aldiro basora joaten zen, lasaitu egiten zuela esaten zuen. Baina egoera hark txiki egiten zuen eta mendian isolatzeak on egiten ziola zioen. Reme eta Pilar egunero beldurrez jaisten ziren Durangora lanera, ahalik eta jende gutxien gurutzatu nahian. Bagenekien jendea kuxkuxeroa zela eta Pedrori zer gertatu zitzaion jakingo balute laster hasiko zirela pozoitutako hitzak ahotik botatzen. 

Egunak aurrera joan ahala, Agirren ez zen giro, ez geneukan Pedroren berririk eta Amatxo Emilik Izeko Karmenekin batera, beste behin ere, egunero lez, Durangora jaistea erabaki zuten. Mariak ere jaistea nahi zuen baina Durangon ez zen giro eta Agirren geratzea hobeto zela erabaki zuten. Durangon topatzen ez bazuten Bilbora joateko asmoa zuten. Amatxo Emilik edozer egingo luke bere seme alaba bakoitzarengatik.

Durangora jaitsi ziren eta kalez kale ibili ziren Pedro non egon zitekeen bila, lagunen bat ere topatu zuten baina azkenekoz pasatu zitzaien bezala ez zekien ezer edo ez zien ezer esan nahi beldurra barruraino sartuta baitzuten. Bide batez, izeko Karmen eta Benita Andrearen etxera joan ziren zelan zegoen ikustera, bertan zer egingo zuten pentsatzen hasi ziren nora joan, nola joan,… Baina urduritasunak ez zien argi pentsatzen uzten.

Momentu hartan ez ziren kontziente zer nolako galderak egiten hari ziren kalean eta zenbateraino arriskatzen hari ziren. Pertsona okerrari galdera okerra egin ez gero zulo beltzera zuzen joan zitezkeen. Halan da ze, berdin zitzaien zer gertatu zitekeen, euren helburu bakarra Pedro etxera ekartzea zen.

Zer egin pentsatzen hari zirela, Durangotik azkeneko buelta emateko erabakia hartu zuten, ondorenean asko pentsatu gabe. Izeko Karmenen etxetik irten zirenean, betidanik ezagutzen zituzten bikote bat albotik pasatu zitzaien eta nahiz eta Amatxo Emilik eta Izeko Karmenek agurtu, ez zioten agurrik bueltatu. Orduantxe konturatu ziren zer zetorkigun gainera. Durangon gorriz seinalatutako familia ginen jada, ixa bat markatuta genuela bizkarrean eta aurpegian sentitu zuten Amatxo Emilik eta Izeko Karmenek.

Hori ikusita, Amatxo Emili eta Izeko Karmen beldurtuta Agirrera bueltatu ziren. Zer egin ez zekitela, hurrengo egunean Bilborako bidea egingo zutela erabaki zuten, Zornotzan geldialdia eginez. Benita Andreak lagunak zituen Bilbon eta euren helbidea eman zien bertan gelditzeko.

Gutxi esaten ziguten baina dena ulertzen genuen, beldurra kortako azkeneko zirrikiturarte  sartu zen eta guk hori sentitzen genuen. Hurrengo egunean, Amatxok eta Izeko Karmenek besarkada erraldoi bat eman ziguten bakoitzari azkena izango balitz bezala. Ez dut inoiz ahaztuko egun hartan Agirren gelditu zen isilunea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude