Ezin egona zen Agirren nagusi

Ezin egona zen Agirren nagusi, ez genekien Pedro non zegoen ezta nola zegoen ere. Tentsioa nabari zen eta abentura txiki hark arrakala handi bat zuela sentitu nuen. Amatxo Emilik, Izeko Karmenek eta Mariak egonaldi luzeak egiten zituzten soloan, gu babesteko egiten zutela uste nahi dut, gu ahalik eta ondoen egon gintezen. Soloan lanean eta euren kezkez eta ardurez haritzen ziren, ez zekiten Pedro non zegoen ezta zer gertatuko zitzaion.

Aitatxo Anton berriz, urduri zegoen aldiro basora joaten zen, lasaitu egiten zuela esaten zuen. Baina egoera hark txiki egiten zuen eta mendian isolatzeak on egiten ziola zioen. Reme eta Pilar egunero beldurrez jaisten ziren Durangora lanera, ahalik eta jende gutxien gurutzatu nahian. Bagenekien jendea kuxkuxeroa zela eta Pedrori zer gertatu zitzaion jakingo balute laster hasiko zirela pozoitutako hitzak ahotik botatzen. 

Egunak aurrera joan ahala, Agirren ez zen giro, ez geneukan Pedroren berririk eta Amatxo Emilik Izeko Karmenekin batera, beste behin ere, egunero lez, Durangora jaistea erabaki zuten. Mariak ere jaistea nahi zuen baina Durangon ez zen giro eta Agirren geratzea hobeto zela erabaki zuten. Durangon topatzen ez bazuten Bilbora joateko asmoa zuten. Amatxo Emilik edozer egingo luke bere seme alaba bakoitzarengatik.

Durangora jaitsi ziren eta kalez kale ibili ziren Pedro non egon zitekeen bila, lagunen bat ere topatu zuten baina azkenekoz pasatu zitzaien bezala ez zekien ezer edo ez zien ezer esan nahi beldurra barruraino sartuta baitzuten. Bide batez, izeko Karmen eta Benita Andrearen etxera joan ziren zelan zegoen ikustera, bertan zer egingo zuten pentsatzen hasi ziren nora joan, nola joan,… Baina urduritasunak ez zien argi pentsatzen uzten.

Momentu hartan ez ziren kontziente zer nolako galderak egiten hari ziren kalean eta zenbateraino arriskatzen hari ziren. Pertsona okerrari galdera okerra egin ez gero zulo beltzera zuzen joan zitezkeen. Halan da ze, berdin zitzaien zer gertatu zitekeen, euren helburu bakarra Pedro etxera ekartzea zen.

Zer egin pentsatzen hari zirela, Durangotik azkeneko buelta emateko erabakia hartu zuten, ondorenean asko pentsatu gabe. Izeko Karmenen etxetik irten zirenean, betidanik ezagutzen zituzten bikote bat albotik pasatu zitzaien eta nahiz eta Amatxo Emilik eta Izeko Karmenek agurtu, ez zioten agurrik bueltatu. Orduantxe konturatu ziren zer zetorkigun gainera. Durangon gorriz seinalatutako familia ginen jada, ixa bat markatuta genuela bizkarrean eta aurpegian sentitu zuten Amatxo Emilik eta Izeko Karmenek.

Hori ikusita, Amatxo Emili eta Izeko Karmen beldurtuta Agirrera bueltatu ziren. Zer egin ez zekitela, hurrengo egunean Bilborako bidea egingo zutela erabaki zuten, Zornotzan geldialdia eginez. Benita Andreak lagunak zituen Bilbon eta euren helbidea eman zien bertan gelditzeko.

Gutxi esaten ziguten baina dena ulertzen genuen, beldurra kortako azkeneko zirrikiturarte  sartu zen eta guk hori sentitzen genuen. Hurrengo egunean, Amatxok eta Izeko Karmenek besarkada erraldoi bat eman ziguten bakoitzari azkena izango balitz bezala. Ez dut inoiz ahaztuko egun hartan Agirren gelditu zen isilunea.

Abentura txiki hauskorra

Hilabeteak aurrera egin zuten egutegian eta Agirren denak ohitu ginen batera bizitzera. Denontzat izan zen positiboa bat edo bestea bertan gelditzeak. Baina egunak aurrera joan ahala beldur batek ar bat sortu zuen nire baitan. Ez nuen sinisten nola bizi gintezkeen egoera anker hartan hain ondo etxean. Abentura txiki bat bizi genuela sentitzen nuen eta egunetik egunera abentura hori interesgarriagoa eta liluragarriagoa bilakatzen zebilela iruditzen zitzaidan.

Baina abentura hura oso hauskorra zela iruditzen zait, lehen txikia nintzen baina banekien edozer pasa zitekeela eta orain konturatzen naiz bizi genuen abentura zirraragarri hura kristala apurtzen den bezala apur zitekeela. Edozein bidegurutzeren ostean amildegia egon zitekeela eta denok edo batzuk behintzat maldan behera inongo zulora jausi zitezkeela. Beldurra genuen barren barrenean sartuta, asko bizi izan genuen.

Reme eta Pedro zebiltzan amildegi horretan dantzan, ezkutuan egiten zuten lan. Hara eta hona ibiltzen ziren, zertan zebiltzan inork ez zekiela, ez behintzat gure etxean. Amatxo Emili ez zen inoiz lasai egoten, baina Maria etxean zegoenetik lasaiago zebilen, ardura bien artean banatzen zuten. Egia esan, Maria eta izeko Karmen etxean zeudenetik Amatxo Emili lasaiago zegoen, babestuago sentitzen zen, hainbeste emakume eder ondoan izanda. Horrek Amama Josepari ere indarra eta lasaitasuna eman zioten, batez ere Benita andreak.

Garai hartan ezkutuan ibiltzeak ondorio lazgarriak ekartzen zituen irabazleak harrapatu ezkero. Pedro garai hartan gaztea zen, baina asko mugitzen zen leku guztietan eta batez ere ezkutuan. Milizianoak alde batetik bestera laguntzen zituen eta batzuetan Agirren ere izan genituen. Guk ezkutaketan jolasten genuen sabai hartan gordeta egon izan ziren asko eta asko. Genuen apurra denon artean banantzen genuen eta ilunetan bizi ziren haiek ere gurekin egiten zuten bizitza apurra.

Egia da, gure sabaia belarrez gain pertsonez beteta zegoenean, ez zen giro lasaia izaten, baina gu txikiak izanik, ez genuen tentsio horren zergatia ulertzen. Amama Josepak askotan kontatzen zigun zergatik zeuden pertsona haiek sabaian, bere istorio baten bitartez. Gerora konturatu naiz, zein garrantzitsua izan den Amama Joseparen istorioak entzutea.

Garai hartan, mesfidantza zen leku guztietan nagusi eta gutxien pentsatzen zenuenak salatzen zintuen. Amatxo Emilik ez zuen lorik egiten Reme eta Pedro etxean agertu arte. Egun iluna izan zen, Remek Agirrera egin zuen buelta eta inoiz baino isilago etorri zen, kaixo isil bat esan eta bere gelara joan zen ia korrika. Pilarrek Remeren jarrera ikusirik atzetik jarraitu zion eta gelan egin zuten denbora andana. Amatxo Emili eta Amama Josepa arduratuta zeuden jada, Reme eta Pedro normalean elkarrekin bueltatzen ziren etxera batak bestea babeste aldera, baina iluntze hartan Reme bakarrik heldu zen etxera, eta izandako jarreragatik, denbora bat pasatu ostean, Amatxo Emili, Izeko Karmen eta Maria gelara joan ziren eta Blanca, Edorta eta ni, Amama Josepa eta Benita andrearekin gelditu ginen eskatzean, ez zuten guk ezer jakitzerik nahi.

Amatxo Emilik segituan jakin zuen gauzak ez zihoazela ondo, eta gero esaten zuen Reme etxera sartu zenetik Pedrori zerbait pasatu zitzaiola eta bere alaba ez zela ezer esateko gai izan.

 Iluntze hartan, Kurutziagan barrena Angelekin zihola, hiru errekete etorri zitzaizkion  eta euren izen abizenak esan zizkieten. Hauek ezin izan zuten kontrakorik esan hiru erreketeak ezagutzen baitzituzten. Pare bat aldiz bultza egin eta kuartelera eraman zituzten. Inork ez daki zehazki zer egin zieten kuartelean, baina pare bat egun egin zituzten bertan. Reme ere Durangon zegoen lagun batzuekin eta Julian korrika etorri zitzaion pasatutakoa kontatzera, arnas estu batean iritsi zen berarengana eta Remek hori jakin zuenean korrika igo zen Agirrera.

Gaur egun ez dakigu oraindik zer pasatu zitzaion kuartel hartan Pedrori baina egun hartan abentura zirraragarri hura maldan behera zihoala sentitu genuen denok, Amatxo Emili eta Aitatxo Anton Durangora jaitsi ziren erantzunen bila. Hasieran ez zuten erantzunik topatu, zer izan ote zen Pedrok bertan jasan behar izan zuena.

Agirren denontzako lekua zegoen

Maria eta Blancak astebete behar izan zuten Agirren euren lekutxoa bilatu eta gurekin batera bizitza normala egiten hasi aurretik. Guk ahizpa bat irabazi genuen, Blanca, amatxo Emilik lagun on bat eta ahizpa bat irabazi zuen, Maria, eta Amama Josepak derrepentean alaba bat bueltatu zitzaion, Izeko Karmen eta ahizpa bat ekarri zuen berarekin, Benita andrea. Gainera, beste alaba bat irabazi zuen, Maria.

Agirren lekua egin genuen Amama Josepak eta Benita andreak gela berdinean egiten zuten lo eta Maria eta Blancari gela bat egokitu genien, denbora beharko zutelako gurera egokitzeko eta kartzela krudel hark ostutako bi urteak berreskuratzeko. Trastez beteta geneukan gela ere berehala hustu genuen, traste zaharrak sabaira igo eta behar ez genituenak txiki- txiki egin eta sutarako utzi genituen. Ohe berriak egin eta jarri genituen. Benita andrearen etxetik koltxoiak ekarri genituen, soberan zituen eta ez zuten Kale Barriako etxea jaisteko asmorik, Agirren seguruago sentitzen ziren. Familia handia baginen jada, egun batetik bestera bikoiztu egin zen gure familia. Baina denok argi genuen, bai denok, irabazi genuela.

          Blancak, Edortak eta hirurok landan gora eta behera jolasten genuen, sabaian fardo artean ezkutaketan jolasten ginen eta Amama Josepa eta Benita andreak gero eta istorio bitxi eta harrigarriagoak kontatzen zizkigun. Blanca segituan ikasi zuen euskaraz, nahiz eta, urte batzuk geroago ezin izan zuen larregi praktikatu. Edorta eta biok marrazkiak erakusten genizkion eta berak guri gazteleraz zerbait erakusten zigun eta guk berari euskaraz. Remek ere izan zuen zer esana, Blancari euskara klaseak ematen zizkion eta ondoren hirukoteari eskola normalak ematen zizkigun.

          Amatxo Emilik eta Mariak ortuan ibiltzen ziren eta hizketaldi luze luzeak izaten zituzten bien artean. Plazara jaisten zirenean Durangon batzuk txarto begiratzen zien, baina Amatxo Emiliri berdin zitzaion. Berak lagun bat, ahizpa bat eta konfidente bat lortu zuen eta berdin zion besteek zer esaten zuten. Mariak ere, ez Blanca bezain azkar, baina euskaraz ikasi ikasi zuen. Denbora pasatu ahala, Mariari ere izeko Maria deitzen genion.  Oraindik, Blanca eta biok barre algarak egiten ditugu gure Agirreko pasadizoak gogoratzen. Maria eta Blanca hementxe gelditu ziren eta urte askoan bizi izan ginen denok batera Agirren. Denok irabazi genuen norbait eta espero dut inoiz ez galtzea. Blanca, Edorta eta hirurok oraindik ere Herriara jaisten gara kafea hartzera eta kontuak kontatzera.

Zapaturoko bisitak

Zapaturo, plazara jaisten ginen bakoitzean, Emakumeen kartzelaren aurretik pasatzen ginen. Euri zein elur, eguzki zein laino, gu pasatzen ginean beti zeuden kanpoan, gazte zein zahar, gaixo zein osasuntsu, eguna patioan pasatzera behartzen zituzten. Jaisten ginen bakoitzean Blanca eta beste ume batzuk patioan korrika ikusten genituen jolasean, bertan zeuden emakumeak inguruan zituztela. Durangoko plazan, emakume talde bat batzen zen gure postu inguruan. Amatxo Emilik indarra zuen, ziurtasunez esaten zituen gauzak eta plazan zeuden emakumeek Amatxo Emilik esandakoak miresmenez entzuten zituzten.

Amatxo Emili emakume librea zen, amama Josepak ondo erakutsi zion lez, gizona topatu dezakezu baina ez utzi inoiz isilarazten. Baina Aitatxo Antonek inoiz ez zion horrelakorik egin, dena egiten zuten hausnartuta, bien artean pentsatuta.

Gure postu inguruan batzen ziren azoka bukatzera zihoanean, denak batzen zeudela aitzakiatzat hartuta. Bakoitzak paketetxo bat egiten zuten, gero etxera joan aurretik Kartzelan paketea uzteko. Durangaldeko biztanleek ez zuten askorik, baina zutena banatzen zuten. Kartzelan zeuden emakumeek beti esaten zuten, Durangoko emakumeen laguntzagatik izan ez balitz, asko hankak aurrean zituztela irtengo zirela bertatik.

Kartzeletako umeen inguruan lege berri bat atera zuten, 5 urte baino gehiago zituzten haurrak kartzeletatik atera behar zirela esanez. Ama askok ez zuten inor umeak uzteko eta askotan kartzelatik irteten ziren emakumeekin bidaltzen zituzten euren seme alabak herrira. Baina bazegoen emakume andana bat, familia erdia baino gehiago fusilatuak izan zirenak eta baita hain denbora gutxian umeen bila etorri zitekeen familiartekorik zutenik. Beraz hori jakinik, Durango eta inguruetako hainbat familiek haurrak hartu eta familiako beste kide bat balitz bezala zaindu zuten. Blancak jadanik 5 urte bete berri zituen eta Mariaren zoritxarrerako Blanca ere kartzelatik atera behar zuen, bestela adopzioan emango zuten eta ez zuen berriz ikusiko. Amatxok bazekien hori, beraz Mariari Blanca gurera etortzeko gonbita egin zion. Astero- astero joango ginela berarekin komunikatzera, azken aldian bezala. Amatxok zin egin zion bere sei seme alabak bezala maite eta zainduko zuela Blanca eta Maria irteten zenean, Agirren izango zuela bere alabatxoa zain.

Maria Durangotik Saturraranera eraman zuten, baina Amatxo Emilik ez zuen bere hitza alde batera utzi, astero- astero Blanca hartu eta Saturraranera abiatzen zen Mariari bisita egitera, bere pakete eta guzti. Aurreko egunean irteten ziren eta gaua, Serafinaren etxean pasatzen zuten. Serafina, amaren betiko laguna zen, bere sasoian Ondarroara ezkondu zena. Goizean arropak aldatu eta bisita ordurako Saturraranera joaten ziren. Bisita gelan zarata zen nagusi, denak nahi zuten hitz egin eta erdian zeuden guardiek ez zieten askorik laguntzen. Mariak Blanca astero ikusten zuen, bata bestea asko botatzen zuten faltan.

2 urte eta gero, Maria aske geratu zen azkeneko epaiketan 6 urteko espetxe zigorra absoluzio bihurtuta. Baina jakina denez, deserriratzea aplikatu zioten eta ez izan zuen Leoneko bere herrira bueltatu. Amatxo Emili eta Amama Josepa joan ziren Ondarroara bere bila. Ez baitzuten jakin noiz irtengo zen, baina amatxok esana zion Ondarroara joateko eta bertan Serafinak hartuko zuela bere etxean eta jakinaraziko ziotela. Horrela, bi egun beranduago amatxo eta amama Ondarroara joan ziren Mariaren bila, Serafinaren etxeko atea jo eta laurak negarrez hasi ziren pozarren. Serafinari eskerrak eman, amatxoren soineko loreduna eraman zioten Mariari Ondarroatik bueltatzeko, hura jantzi eta etxera buelta egin zuten.

Gau aldera, denak atartean geunden gure etxeko hiru emakumeak noiz etorriko zain, zortziak izango ziren eta urrunean amama Joseparen painelu gorria ikusi nuen haizearekin firin faran. Blanca eskutik heldu eta korrika batean eurengana joan ginen. Ez dut inoiz ahaztuko Blanca eta Mariaren arteko besarkada hura. Negar batean hasi ginen bostok eta nik amatxo eta amamari besarkada estu estu bat eman nien.

Blanca eta biok askotan gogoratzen gara egun hartaz, orain ere, negar anpuluak izaten ditugu begietan egun haietaz gogoratzen garenean. Zenbait oroitzapen on, zenbat poz eta tristura.

Izeko Karmen, ondo zauz?

Izeko Karmen Kale Barrian bizi zen, Amatxo Emiliren ahizpa zen, gaztetan Durangoko modista batekin ofizioa ikastera jaitsi zen Durangora eta bertan geratu zen bere etxean. Udaberri ankerrena iritsi zen eta Izeko Karmen Durangon harrapatu zuen. 1937ko martxoaren 31ean Andra Marira joateko asmoa zuen, 8retako mezetara. Baina Benita andreak ez zuen gorputzaldi onik eta bera zaintzen geratu zen. Burrunba hotsak entzun bezain laster, Benita andrea ahal zuen bezala atondu eta hasieran mahaipera sartu ziren.

             Izeko Karmenek zaratak hurbilago entzunda Benita Andrea estu estu besarkatu eta bertan pasatu zuten burrunba hotsak bukatu arte. Ez zuten kalera irteteko adorerik ezta denborarik izan, beraz, ahal izan zuten bezala babestu ziren.

             Reme, Pedro eta Pilar arratsaldean jaistekoak ziren, baina oraindik beldurra gorputzean sartuta zutela ez jeistea erabaki zuten. Amama Josepak ezin egona zuen barrenean sartuta, ez zekien ez bere alaba zelan zegoen ezta bizirik edo hilik zegoen ere eta horrek barrenak berotzen zizkion. Ez zen gaur egun bezala dei batekin konpontzen.

             Apirilaren 1a ere iritsi zen eta barrenak baretu ostean, Amatxo Emili eta Amama Josepa Durangora jaitsi ziren, izeko Karmenen etxera heldu orduko sagu- zaharrek egindako sarraskiak ikusten hasi ziren, tren geltokia suntsituta,… Oraindik ez ziren Alde Zaharrera ailegatu eta atsekabeak bihotzean atximurka egiten zien, baina Izeko Karmenen etxera heltzea zuten helburu bakarra. Ospitaletik eta San Agustinen ondotik pasatu ziren, ospitalean hainbat eta hainbat desgrazia ikusi behar izan zituzten, baita ere ezagunak, Izeko Karmenengatik galdetu zuten pare bat aldiz, ospitalearen inguruan zeuden batzuei, baina ez zieten ezer esan.

Bihotzean atximurkada estutzen zihoan baina heldu ziren azkenean Kale Barriako 23. Zenbakira, Zehar Kaleak mozten duen lekutik eta gora bizi zen Izeko Karmen, eta agian horregatik zertxobait libratu ziren. Izeko Karmenen etxera iritsi ziren atea joka ibili ziren eta amama Josepak Karmen oihukatu arte ez zen inor lehenengo pisuko leihora irten. Ikara aurpegia zuen  eta Benita andrea Karmen barrura ekartzeko ahalegina egin zuen, baina berak lasaitzeko keinua egin zion.

Durangoko hautsak harrotu bitartean Benita andrea eta Izeko Karmen Agirrera igo ziren, beti ere Benita andrearen etxean sartuko ziren beldurrarekin. 2. Pisuan bizi zen Juanitok handik mugitzeko konturik ez zuela eta, lasaiago igo ziren. Oraindik gogoratzen ditut Benita andreak amama Joseparekin batera kontatzen zizkigun ipuin eta kantekin.

Dena ikusi zuten Agirretik

Goizean goiz jaikitzen ziren Pedro, Pilar eta Reme, goizeko 5:00etan jaikitzen ziren behiak batzen hasteko, 50 behi genituen eta gero Durangora jaisten ziren esnea banatzera. Reme eta Pilarrekin egiten nuen lo, baina inoiz ez nintzen jaikitzen zirela konturatzen. Edortak eta nik ez genuen etxeko lanetan asko laguntzen, txikiegiak bait ginen eta gauzekin jolastu besterik ez genuen egiten. Behi guztiak batu ostean, esnea marmitetan sartzen zuten eta 8:30etarako esnearen banaketa egitera jaisten ziren.

Goizero legez eta denbora ona egiten zuenez martxoaren 31an ere, esneak marmitetan sartu ostean, goizeko inutzetan sartu zituzten hankak ortura joateko, belar bustiak  kili kili egiten zien orkatiletan,  bustiegia zegoela iritzita buelta hartu eta esne marmitak zaldi zuriaren gainean jartzen hasi ziren. Ordurako Amatxo Emili ere jaikita egoten zen eta denak batera gosaldu zuten.

Pedro, Reme eta Pilarrek zaldi zuria hartu eta beherantz jaistera zihoazenean amak gelditu zituen. Zarata gaizto bat entzun zuen, hegazkinak, sagu-zaharrak  ikusi zituen urrinean, hasieran ikusteko bakarrik gelditu zituen, Agirretik Durango osoa ikusten zen Kurutziagatik hasi eta Kukutze zaharrerarte. Pedrok gerora beti gogorarazten zigun:

“Guk pentsau gañun papelak ziela lehenengotan, baña ez, gero, paperak barik, belozidadie hartu abien handixaue, eta esan gañun bonbak, bonbak diez…”

             Hori ikusita eta Durangon sortu zen hautsa ikusita beranduago jaistea erabaki zuten, ez baitzen giro Durangon. Gainera, Durangon Izeko Karmen bizi zen eta bera zelan zegoen jakitzea nahi zuen Amama Josepak.

Dena ikusi zuten Agirretik, sarraskia bista pribilegiatu batetik ikusi zuten. Beldurra sentitu zuten, ez zekiten hegazkin horiek Agirretik pasatuko ziren edo ez. Gainera, gu eskolara joanda geunden Orozketara.

             Udaberri ankerrena izan zen gure bizitzetan, egun iluna, lagun bat galdu genuen, Mikaela eta Durango herri bat suntsitzen ikusi zuten Agirren zeudenak. Ezin dugu ahaztu eta horretarako gure seme alaba, ilobei,… kontatu behar diegu zer gertatu zen.

Emakume ezezagunak ezagutzen

Durangora jaitsi ginen zapaturo lez, esneak marmitatan hartu eta dringilin drangalan joaten ginen Edorta eta biok marmitak eusten. Gure misio bakarra esne tanta bate ere ez jaustea zen. Amama Josepa atzetik joaten zen bidea zaintzen, Amatxo Emili aurretik bidea zabaltzen eta Aitatxo Anton etxean gelditzen zen ganadua zaintzen. Durangora orain Funbarri dagoen bidetik jaisten ginen, Larrinagatxutik zetozenekin batzen ginen bertan, Julita eta Teresarekin hain zuzen ere. Garai ilunetan eta Julitari pasatutakoa eta gero, denok batera jaisten ginen eta tentuz pasatzen ginen erreketeen tabernak eta etxe inguruetatik.

Trenbide ingurutik pasatzen ginen askotan, zer edo nor saiheste aldera. Baina askotan ikusten genituen militarrak emakumeak erdian zituztela hara eta hona erabiltzen zituztela. Ez genekien nortzuk ziren, hasieran, deabrutzat genituen, eskolan batzuek edozer esaten zuten eta. Edortak eta biok informazio gutxi geneukan, ez zigutelako askorik kontatzen. Pare bat astetan ikusi genituen eta nortzuk ziren galdetu genion Amama Josepari. Amamak egunero bezala ipuin bat kontatu zigun, egun horretan emakume haiek nortzuk ziren kontatu zigun. Hain ondo gogoratzen dut orain ere, gaur hemen idatziko dudala, Magali eta Lurri kontatzen diedan bezala.

Amama Josepak kontatzen zigun bezala, euren herrietatik bidali zituzten gu bezalako umeei irakurtzen eta idazten irakastearren. Neguko egun ilunak ziren, eguzkia ateratzen zen baina guk ez genuen ikusten, behelaino arraro bat geneukan egunero, dena iluntasunetik ikusten genuen. Behelaino artean, Durangora jaisten ginenetan askotan ikusten genituen marroiez edo urdinez jazten ziren munstro gaizto batzuk, Durangoko alde batetik bestera eramaten zituzten, amatxo Emili bezalako emakumeak joaten ziren munstro gaiztoen erdialdean. Ez zuten ezer egin baina umeak beldurtu egiten ziren, arropa zarpailduekin joaten baitziren. Baina bazegoen neskato bat, inozentziaz begira begira gelditzen zena eta emakumeak ondotik pasatzen zirenean barre txikitxo batekin musu bat bidaltzen ziena. Lehen aldiz egin zuenean, amatxo Emiliren antza zuen andre batengana hurreratu zen inozentzia osoz eta musu ematera hurbildu zenean munstro horietako batek ia besoetan hartu eta jan zuen, baina amama Josepak besotik hartu eta bere magalean babestu zuen.

Emakume haiek beste asko bezala, desberdin pentsatzeagatik, emakume izateagatik, etxeko gizonen bat topatu ez zutelako,… izan ziren gartzelaratuak, guk hasieran ez genuen ezer ulertzen. Denak ziren kanpotarrak, urrin bizi zirenak eta bat ere laguntzarik ez zutenak. Askotan Durangoko emakume asko eta askok laguntzen zien. Gu amama Joseparekin zapaturo joaten ginen paketea eramatea. Ez geneukan asko baina plazatik bueltan pakete txiki bat egiten genuen eta bataren edo bestearen koinata edo urruneko lehengusina bezala joaten ginen.

Oraindik Maria eta Blancataz gogoratzen naiz, ama alabak ziren, Blancak 4 bat urte zituen eta Maria amatxo Emiliren adinekoa zen, baina kartzelak 15 urte gehiago jarri zizkion bere bizkarrean eta nagusiagoa ematen zuen. Blanca gure antzera ez zen askotaz konturatzen, gosea pasatzen zuen baina inozentzia horretan bizi zen, kartzelan zeuden amek ondo babesten zituzten euren seme alabak. Zapaturo ikusten genituen kartzela ingurutik pasatzen ginenean baina inoiz ezin genuen Blancarekin jolastu.

Martxoak 31 da gaur, 6 urte nituen

Sei urte neuzkala San Andresetik Orozketara joaten ginen eskolara, 7:30etan etxean irten eta mendirik mendi. Abarketak kendu eta zapata garbiak janzten genituen gelara sartu aurretik. Lagun ginen hiru neskatila jartzen ginen bata bestearen segidan. Elena lehenengo, Mikaela erdian eta ni ondoren, Luzia. Sei urteko neskatilak jolasten zuten gauza arruntetara jolasten genuen, aita eta ama izatera, txantxurrike,… eta mutilak ere zirikatzen genituen batzuetan.

Baina 1937ko martxoaren amaiera zen jada, pare bat egun falta ziren nire urtegunerako, martxoaren 31 zen. Egun beltza orain atzera begiratuta. Egunero lez, eskolara abiatu ginen abarketak zapatengatik aldatu eta gelan betiko lekuan jarri ginen Elena lehenengo, Mikaela erdian eta ondoren ni. Goizeko 8:30ak izango ziren eta guk ez genituen ikusten baina bazetozen saguzarrak. Hasieran, Orozketan ez zen ezer arrarorik entzun, txoriak eta txakurrak zaunkaka besterik ez.

Eskolak hasi eta gutxira, trumoi arraro bat entzun genuen. Maistrak tinkotasunez, izua ongi ezkutatuz lurrera azkar botatzeko esan zigun. Baina Mikaelak izua barruraino sartua zuen jada, eta maistrak esandakoari entzungor egin zuela uste genuen, maistrak berrido oihukatu zuen, orduan konturatu ginen beldurraren beldurrez gogor- gogor eginda geratu zen eta bere bihotz gazteak azken taupada eman zuen Orozketako gela hartan.

Elenak eta biok Mikaela zurbil eta mugitzen ez zela ikusirik, biok besarkatu ginen, ez genekien zer pasatzen zen baina beldurtuta geunden. Maistrak egoera ikusirik gu ohartu aurretik magalean hartu gintuen besarkada gozo bezain babeslea emanez. Maistrak Orozketakoak etxera bidali zituen eta San Andresekoak berarekin abiatu ginen benetan arriskua zein zen jakin gabe. Maistra Mikaelaren gurasoei berri txarra ematera joan zen. Ez genuen zapatarik aldatu ere, amaren magalean babestea besterik ez nuen nahi.

Oraindik gauetan, egun hura gogoratzen dudanean izara azpian babesten naiz, amatxoren magalean egongo banintz bezala.

88 urte ditut, baina orain dela 82 urte egun beltza izan zen Martxoak 31, Durangon bonba pillo bat bota zituzten eta gu eskolan geunden.

Urtero Durangon sirena jotzen dutenean arrapaladan hasten naiz, ahal dudan bezala, ez baitnago lehen bezain arin. Bihotzak buelta ematen didala sentitzen dut eta txirristadak entzuten ditut urrunean.

Gu aurrera goaz eta gazteek ez dakite zer gertatu zen. Konta dezagun lau haizetara zer gertatu zen berriro gertatu ez daiten.

Zapatua, Plaza eguna.

Beti erakutsi didate gorrotorik ez izaten, nahiz eta batzuek eragindako minak gorrotatzeko arrazoi nahikoa dela deritzot. Askotan isildu eta ezkutatu behar izan dugu. Amama Josepak ikusi, entzun eta isiltzea hobeto zela zioen ekitea baino. Nahiz eta askotan horretan ez zen eredurik onena.

Hasieran, Edortaeta biok ez genekien zer gertatzen ari zen, ez genuen ulertzen kalean ibiltzeak edo ahoa zabaltzeak zer suposa zezakeen. Txikiegiak ginen egoera hura ulertzeko. Amama Josepa oso abila zen errealitate latz hura jokuz makilatzeko. Guretzat Dena zen jolasa, kanpaikadak ezkutaketan zenbatzen genituen zenbakiak ziren, kanpaikadak bukatu aurretik iritsi behar ginen babeslekura.

Amatxo Emili berriz, ezin egon iraunkor baten bizi zen, bere belaun dantzarietan antzeman zitekeen. Ez zen oheratzen Remek eta Pedrok kortako atea sano eta salbu pasa arte. Ezkutuko lanetan zebiltzan beti eta berandu arte ez ziren etxera bueltatzen, amatxok noizean behin bazekien zertan zebiltzan, baina askotan nahiago zuen ezer ez jakin, etxera bueltatzea besterik ez.

Zapaturo bezala, Durangoko plazara jeisten ginen esne marmita eta guzti esnea saltzera. Pantxike izeneko zaldi zuriari gurdi bat jarrita jeisten ginen, ama eta amama oinez eta gu gurdian esne marmitak zaintzen. Plazara iritsi bezain laster, Elena eta Mikaelarekin elkartzen ginen, baserritarrek beti errieta egiten ziguten barazkiren bat edo beste lurrera botatzen genituelako. Zapatu hartan ez ziren baserritar guztiak jeitsi, bidean lar bakarrik jeitsi ginen eta amak Mari Isundi eta Julita bota zituen faltan lehenengo begiradan.

Edorta eta ni jolasean genbiltzala, guk botatako barazki eta esne marmiten tapak ondo jartzen zebilela, senak esanda edo, elizpeko arku zentralera zuzendu zuen begirada, amak zuen sen berezi harek bertatik pasatzen zen emakume baten aurpegiari egin zion so. Arpegi hura ezaguna egiten zitzaion baina hain zegoen triste, zarpail eta desitxuraturik, ez zela ezagutzera iristen. Ezer esan gabe begira jarraitu zuen eta segituan berarengana joan eta besarkada estu bezain goxo batean batu zuen emakumea, negarren anpuluak garbitu zizkion eta lehen bezain goxoa zen besarkada eman zion. Guk ez genekien zer gertatzen zen, ez genuen emakume hura ezagutu, nahiz eta pentsatu baino gertukoagoa izan. Amatxok Amama Joseparen ondora joan eta ahopeka hitz egin ostean, emakumea magalean bildu eta berarekin arkupetan lehenengo eta Artekale barrena galdu ziren gero.

Edortak eta nik 1001 galdera egin genizkion amama Josepak metralleta baten hotsa izango balitz bezala. Baina gure amamak bazekien gu nola distraitu, hiru istoria zoragarri eta liluragarri kontatu zizkigun gertatutakoa ahaztu genezan.

Gerora jakin genuen, ezagutu ez genuen emakume hura gure bizilagun zen Julita zela. Bere seme nagusiena, Justo, Pedroren laguna eta lantegian ere batera zebiltzan. Asturias aldera alde eginda zegoen, Asaltoko guardiak behin baino gehiagotan bere etxeko atea bortizki jo zuten, baina behin ere ez zuten etxean aurkitu.

Aste haretan ere Julitaren etxera joan ziren, atea jo zuen erreketeak ez zuen oso umore oneko eguna eta Justo etxean ez zegoela ikusirik, Julita eta bere alaba nagusia, Presen eraman zituzten diligentzietara, Oskar eta Edurne etxean bakarrik utzita. Bi egun pasa ostean, Julita askatu zuten Kazkamotz eta litro bat errezino olioa plater nagusitzat zuen menua emanda. Presen berriz, ez genuen denbora askoan ikusi.

Elena eta Mikaela, lagunak baino gehiago

Txiki txikitatik batera ibiltzen ginen Elena, Mikaela eta hirurok. Durangora jeisten ginen amatxo Emili eta Amama Joseparekin batera esnea saltzera, Elena eta Mikaela ere euren amatxoekin jeisten ziren eta Andra Mariko elizpean postu eta postu artean ezkutaketara jolasten genuen. Askotan Eugenia eta Teresak errieta egiten ziguten euren postuetan tomate bat edo letxuga bat mugitzen genielako.

Eskolan ere batera jartzen ginen Elena alde batean, Mikaela erdian eta gero ni, beste aldean. Eskola ondoren, San Andresera bueltatzen ginen hirurok kontuka eta kantuka.

Udaberri ankerrena iritsi zenean, ezin genuen lehenago egiten genituen gauza gehienak egin, amatxo Emilik beldurra baitzuen zerbait gertatuko zitzaigulakoan. Bataren eta bestearen etxe inguruan jolasten genuen, eta gero bataren amak edo bestearen amamak etxeralaguntzen zigun, ez ziren ingurukoekin fio, beldurra hezurretaraino sartua zuten.

Gaur egun ere, Elena eta biok kafea hartzera jeisten gara egunero Herriara, asko gogoratzen gara umetako salto, brinko, kontu eta oroitzapenez, eta batez ere, Mikaelataz. Barre eta barre artean negar anpuluren bat ere ateratzen zaigu lehengo denporak gogoratzean.