Izeko Karmen Kale Barrian bizi zen, Amatxo Emiliren ahizpa zen, gaztetan Durangoko modista batekin ofizioa ikastera jaitsi zen Durangora eta bertan geratu zen bere etxean. Udaberri ankerrena iritsi zen eta Izeko Karmen Durangon harrapatu zuen. 1937ko martxoaren 31ean Andra Marira joateko asmoa zuen, 8retako mezetara. Baina Benita andreak ez zuen gorputzaldi onik eta bera zaintzen geratu zen. Burrunba hotsak entzun bezain laster, Benita andrea ahal zuen bezala atondu eta hasieran mahaipera sartu ziren.
Izeko Karmenek zaratak hurbilago entzunda Benita Andrea estu estu besarkatu eta bertan pasatu zuten burrunba hotsak bukatu arte. Ez zuten kalera irteteko adorerik ezta denborarik izan, beraz, ahal izan zuten bezala babestu ziren.
Reme, Pedro eta Pilar arratsaldean jaistekoak ziren, baina oraindik beldurra gorputzean sartuta zutela ez jeistea erabaki zuten. Amama Josepak ezin egona zuen barrenean sartuta, ez zekien ez bere alaba zelan zegoen ezta bizirik edo hilik zegoen ere eta horrek barrenak berotzen zizkion. Ez zen gaur egun bezala dei batekin konpontzen.
Apirilaren 1a ere iritsi zen eta barrenak baretu ostean, Amatxo Emili eta Amama Josepa Durangora jaitsi ziren, izeko Karmenen etxera heldu orduko sagu- zaharrek egindako sarraskiak ikusten hasi ziren, tren geltokia suntsituta,… Oraindik ez ziren Alde Zaharrera ailegatu eta atsekabeak bihotzean atximurka egiten zien, baina Izeko Karmenen etxera heltzea zuten helburu bakarra. Ospitaletik eta San Agustinen ondotik pasatu ziren, ospitalean hainbat eta hainbat desgrazia ikusi behar izan zituzten, baita ere ezagunak, Izeko Karmenengatik galdetu zuten pare bat aldiz, ospitalearen inguruan zeuden batzuei, baina ez zieten ezer esan.
Bihotzean atximurkada estutzen zihoan baina heldu ziren azkenean Kale Barriako 23. Zenbakira, Zehar Kaleak mozten duen lekutik eta gora bizi zen Izeko Karmen, eta agian horregatik zertxobait libratu ziren. Izeko Karmenen etxera iritsi ziren atea joka ibili ziren eta amama Josepak Karmen oihukatu arte ez zen inor lehenengo pisuko leihora irten. Ikara aurpegia zuen eta Benita andrea Karmen barrura ekartzeko ahalegina egin zuen, baina berak lasaitzeko keinua egin zion.
Durangoko hautsak harrotu bitartean Benita andrea eta Izeko Karmen Agirrera igo ziren, beti ere Benita andrearen etxean sartuko ziren beldurrarekin. 2. Pisuan bizi zen Juanitok handik mugitzeko konturik ez zuela eta, lasaiago igo ziren. Oraindik gogoratzen ditut Benita andreak amama Joseparekin batera kontatzen zizkigun ipuin eta kantekin.