Baina oraindik batzuk falta ziren

Agirreko bidean agertutako silueta gero eta gertuago zegoen. Amama Josepak gortina baztertu eta kopeta leiho hotzaren kontra jarri zuen, nor zen lehenbailehen ezagutu nahian. Mariak ere aulkitik altxatu zuen burua, baina ez zen mugitu. Maletak ate ondoan jarraitzen zuen.

Posta kalean, berriz, etxera igo ziren hiru emakumeak, Bizentak Amatxo Emili goxo-goxo besarkatu zuen eta Izeko Karmenek biak besarkatu zituen. Amatxo Emili oraindik dardarka zegoen. Hirurak egongelara iritsi ziren eta Izeko Karmen Amatxo Emili lasaitzen ari zen bitartean, Bizenta sukaldean esnea berotzen ari zen. Bizentak ez zuen berokia ere kendu. Sukaldean sartu, eskuineko poltsikotik zapia atera eta, harekin batera, Larrinagako hormaren ondoan jasotako paper-zatia erori zitzaion. Hasieran ez zuen ikusi. Pauso bat ematean, ordea, oin ondoan zegoela ohartu zen.

Amama Josepak kopeta leiho hotzaren kontra mantentzen zuen. Ezin zuen bidean zetorren pertsona nor zen bereizi, eta beldurra barruraino sartu zitzaion. Garai korapilatsuak ziren eta edozein etorri zitekeen. Amama Josepa leihotik bat-batean aldendu eta guri begira jarri zen.

—Juen zaittezie kuartora, geldittu zaittezie han nik esan arte eta isilik egon, txintik bez. Bai?

Ez genuen galderarik egin. Haren ahotsak ez zuen erantzunik onartzen. Blanca aurretik joan zen eta Edorta eta biok haren atzetik igo ginen. Gelako atea erdi zabalik utzi genuen, behean gertatzen zena entzun ahal izateko.

Isiltasun hartan, kanpotik zetozen pausoak entzuten hasi ginen. Lehenengo urrun, harrien kontra ia nabaritzen ez ziren kolpe txikiak baino ez. Gero eta argiago. Gero eta gertuago.

Amama Josepa atearen ondoan zegoen, mugitu gabe. Maria aulkitik altxatu zen azkenean, baina berokia eta zapia jantzita jarraitzen zuen. Biak elkarri begiratu zioten, hitzik egin gabe.

Kanpoko pertsona etxe aurrean gelditu zen.

Ez zuen aterik jo.

Beste aldean, norbaiten arnasestuaren hotsa baino ez zen entzuten.

Amama Josepak atearen goiko aldea zabaldu zuen pixkanaka. Kanpoko iluntasuna sartu zen sukaldera, baina emakumearen aurpegia itzalpean zegoen oraindik. Buruan zapia zeraman, gorputzari estu lotutako berokia eta eskuak bularraren kontra bilduta.

Emakumeak burua altxatu zuen.

—Amama… —esan zuen ahots ahul batez.

Hitz bakarra nahikoa izan zen.

Amama Josepak berehala ezagutu zuen ahotsa. Atearen beheko aldea presaka zabaldu eta eskuak luzatu zituen. Reme ia haren gainera erori zen, etxera iristeko gorde zuen azken indarra besarkada hartan amaitu balitzaio bezala.

Iloba beso artean estutu eta bizkarra laztandu zion, ume txiki bat balitz bezala. Hasieran ez zion ezer galdetu. Une hartan, nahikoa zuen Reme bizirik eta bere besoen artean sentitzea.

Goiko gelatik besarkadaren erdian entzun genuen negar hotsa. Ez genekien norena zen: Remerena, Amama Joseparena edo biena.

Mariak irribarre txiki bat egin zuen, egun osoan egiten zuen lehena. Ondoren, eskailerarantz jiratu zen.

—¡Bajad! ¡Es Reme!

Ez zuen bigarren aldiz esan behar izan. Blanca, Edorta eta hirurok korrika jaitsi ginen. Reme ikustean, haren inguruan bildu eta gogor-gogor besarkatu genuen. Benita andrea eta Maria ere batu ziren besarkadara.

Une batez, inork ez zuen galdetu Durangon zer gertatu zen edo zer berri zekarren. Galdera guztiak gero etorriko ziren.

Momentu hartan, nahikoa zen Reme etxean egotea.

Gutxinaka bazetozen etxekoak Agirrera.

Baina oraindik beste batzuk falta ziren.

Posta kalean, bitartean, Bizentak papertxoa berriro poltsikoan gorde, esne beroa hartu eta egongelara itzuli zen. Amatxo Emili eta Izeko Karmen sofan zeuden, eskuak elkarri kiribilduta. Amatxo Emiliren dardara baretu zen pixka bat, baina Larrinagako atearen beste aldean bizitakoa begiradan iltzatuta zeraman oraindik.

Bizentak esnea zerbitzatu zien. Ondoren, poltsikotik papertxoa atera eta mahaiaren erdian utzi zuen. Izeko Karmenek kikara ezpainetara eramateari utzi zion. Amatxo Emilik, berriz, paperari begiratu zion, baina ez zuen ezer galdetu.

—Hau Larrinagako hormaren ondoan aurkitu dot —esan zuen Bizentak.

Isiltasuna nagusitu zen berriro egongelan.

Hirurek paperari begiratu zioten.

Baina inork ez zuen eskua luzatu.

Atearen iluntasunetik

Amatxo Emili barrura sartu zenetik, Izeko Karmen harri bat bezain gogor geratu zen Larrinagako kartzelako horma hezearen ondoan, baina ez zion ateari begirik kentzen. Bizentak, berriz, esku bat berokiaren poltsikoan sartu eta atera egiten zuen. Papertxoa atzamarren artean estutzen zuen, galdu ote zuen beldurrez, oraindik han zegoela ziurtatzeko. Paper txikia zen, hainbat aldiz tolestuta zegoen, eta hezetasunak ertzak bigundu zizkion.

Kartzelako atetik guardiak atera ziren. Jarrera oldarkorrez eta ahots zakarrez, han bildutakoak bidali nahi zituzten. Jendea urruntzen hasi ziren, inork galderarik egiteko eskubiderik izango ez balu bezala. Emakume batzuek poltsak hartu eta aldapan behera egin zuten, burumakur. Beste batzuk, ordea, hormaren kontra geratu ziren tinko, atea noiz irekiko zain.

Izeko Karmen pixka bat berpiztu zen eta bere lekuan tinko mantendu zen. Ez zen mugitu.

—Ez naz hemendik joango Emili agertu arte —esan zuen, ia ahotsik gabe.

Bizentak eskutik heldu zion.

—Ezta ni be.

Agirren ez zekiten zer egin. Mariaren maletak ate ondoan jarraitzen zuen. Amama Josepak Benita andreari begiratzen zion, alabatzat zuen Mariari zer esan ez zekiela. Mariak berokia jantzita eta zapia lepoan lotuta zituen, edozein unetan Bilborako bidea hartzeko prest.

—No puedo esperar más… —esan zuen—. Les ha pasado algo.

Benita andreak begietara begiratu zion, bere urduritasuna ezkutatu nahian.

—Eta zu bidean galtzen bazara, zer egingo dugu? Nora joango gara zure bila?

Mariak beldurra ikusi zuen Benita andrearen begietan, eta isilik geratu zen. Sukaldeko aulkian eseri zen, burumakur, baina ez zuen berokia kendu. Maleta ere ez zuen gorde. Ate ondoan jarraitzen zuen, Amama Josepari eta, batez ere, Benita andreari aurre eginez.

Edorta, Blanca eta hirurok eskaileretan jesarrita geunden, galdetzeko irrikaz, baina ahoa zabaltzeko beldurrez. Sukaldean esaten zutena ulertzen ez genuela uste zuten, baina guk dena entzuten eta ulertzen genuen. Inork ez zuen Pedroren izena esaten, baina izen hura leku guztietan zegoen: sutondoan, sukaldeko leihoan, Maria jesarrita zegoen aulkian, Mariaren maletan, Benita andrearen begietan eta Amama Joseparen isiltasunean.

Larrinagan, berriz, ilara desegin zenean, ate hotz hura berriro zabaldu zen. Izeko Karmeni arnasa gelditu zitzaion, eta bat-batean aurrera egin zuen. Guardia batek besoa luzatu eta gelditzeko agindu zion.

Atearen iluntasunetik Amatxo Emili agertu zen, pauso txikiz. Aurpegia zuri-zuri zuen eta begirada lurrean iltzatuta, inora begiratu ezingo balu bezala. Ilea nahasita zuen eta berokiaren botoietako bat askatuta.

—Emili! —oihukatu zuen Izeko Karmenek.

Amatxo Emilik burua altxatu zuen. Segundo gutxi batzuk baino ez ziren igaro, baina nahikoak izan ziren Izeko Karmenek bere ahizpa ezagutzeko eta, aldi berean, zerbait aldatu zela ohartzeko.

Guardia aldendu zenean, Izeko Karmen korrika joan zitzaion. Hain gogor besarkatu zuen, ezen Amatxo Emilik, hasieran, ezin izan baitzuen arnasa ondo hartu. Bizenta atzean geratu zen une batez, ingurura begira. Ez zuen ahizpen arteko une hura zapuztu nahi.

Besarkada amaitu ostean, atetik pixka bat aldendu ziren. Bizentak eta Izeko Karmenek Amatxo Emili besoetatik goxo-goxo hartu, eta Larrinagako aldapan behera abiatu ziren. Pixka bat urrundu zirenean, Izeko Karmen gelditu eta begietara begiratu zion Amatxo Emiliri.

— Zer egin deutsue? —galdetu zion—. Zergatik sartu zaitue barrura?

— Amatxo Emilik ezpainak mugitu zituen, baina ez zitzaion hitzik atera.

— Hemendik joan behar gara —esan zuen azkenean—. Orain!

Ez zuten galdera gehiagorik egin. Amatxo Emiliri ilea goxotasunez txukundu zioten, eta hirurak aldapan behera abiatu ziren, elkarrengandik oso gertu: Amatxo Emili erdian, eta Izeko Karmen eta Bizenta albo banatan, hari eusten.

Aldapa bukatu arte ez zuen inork hitzik egin. Baina Posta Kalera iritsi aurretik, Izeko Karmenek ezin izan zion gehiago eutsi. Bat-batean gelditu eta, Amatxo Emiliri begietara begiratuz, galdetu zion:

— Pedro barruen dau?

Amatxo Emili ere gelditu egin zen. Begiak itxi eta arnasa sakon hartzen saiatu zen.

— Ez deuste esan.

— Baina zer galdetu deutsue? —jarraitu zuen Izeko Karmenek, egonezina ezkutatu ezinik.

— Izena. Abizenak. Nondik gatozen. Nork esan deuskun hona etortzeko… Dena jakin nahi eben, baina eurek ez deuste ezer esan.

Bizentak ingurura begiratu zuen. Leiho batzuk erdi irekita zeuden, eta kale bazterrean bi gizon zeuden berbetan. Ez zen segurua han jarraitzea.

— Etxera juengo gara —esan zuen—. Han egingo dogu berba.

Posta Kaleko etxera iritsi zirenean, Bizentak atea giltzaz itxi zuen. Gortinak zabaldu gabe utzi zituen, eta sukaldeko mahaiaren inguruan eseri ziren hirurak. Izeko Karmenek ur-edalontzi bat jarri zion ahizpari, baina Amatxo Emilik ezin izan zuen edan. Edalontzia bi eskuekin heldu zuen, dardara ezkutatu nahian.

Bizenta egoeraz ohartu zen. Edalontzia eskuetatik kendu zion eta Amatxo Emili besoetan bildu zuen.

Izeko Karmenek ez zuen inoiz Amatxo Emili horrela ikusi, dardarka. Ez zekien zer egin zioten han barruan, eta pentsatzen dut inoiz ez dugula jakingo Larrinagako kartzelako ate haren beste aldean zer gertatu zen.

Agirren, arratsaldea iluntzen hasi zen. Mariaren maletak ate ondoan jarraitzen zuen, eta Amama Josepa leihoan zegoen, bideari begira.

Halako batean, urrunean norbait zetorrela iruditu zitzaion. Bihotza azkartu zitzaion. Bidean silueta bat bereizten zen, gero eta gertuago.

Baina oraindik urrunegi zegoen nor zen jakiteko.

Atearen beste aldean

Egunak aurrera zihoazen eta Agirren ez zegoen berririk, Blanca, Edorta eta hirurok orduak pasatzen genituen etxeko eskaileretan jarrita, itxaroten. Ezin egona ikusten genuen Amama Josepa eta Benita andrearen aurpegietan eta Mariak ez zuen erantzuten. Leiho ondoko aulkian eserita zegoen, eskuak mantalean estututa eta begirada leihoan galduta. Mariari berdin zitzaion zer gerta zitekeen. Itxaroteaz nazkatuta zegoen eta gero eta argiago zuen Bilborako bidea hartu beharko zuela.

Edortak ezin zuen itxaron eta ordu bete baino gutxiagoan hiru aldiz irten zen bidean gora baten bat zetorren ikusteko. Baina ez zen inor heltzen, oso urduri zeuden denak eta nik beste behin galdetu nuen nire inozentziatik:

– Gaur be ez da inor etorriko ezta?

 Inork ez zidan erantzun. Agirren ez zen girorik. Denbora asko pasa zen Amatxo Emili eta Izeko Karmen Bilbora joan zirenetik, eta inork ez zekien ezer.

Larrinagan Izeko Karmen eta Bizenta kanpoan zeuden, antza denez, Amatxo Emili barrura sartu zuten galdera batzuk egiteko. Beldurra barruraino sartuta zuen Izeko Karmenek, eta Bizentak besarkada goxo batean estutzen zuen.

– Lasai dana ondo urtengo dau eta!- Bizentak belarrira esan zion Izeko Karmeni.

Ilara luzea zegoen Larrinagako atean, alde batera egin zuten emakume biak, besteei lekua uzteko. Ilaran zurrumurruak entzuten hasi ziren, itxaronaldia luze egin zitzaien, ondo ulertzen ez zituzten hitzak entzuten zituzten euren inguruan. Izeko Karmen beldurraren menpe zegoen, ez zekien non eta zertan zegoen bere ahizpa.

Bizentak ingurura begiratu zuen, ea ezagunen bat ikusten zuen. Ilaran aurrera egin zuen pixka bat. Mugimendu hura ikusita, uniformedun gizonak jendea atzeratzen eta sakabanatzen hasi ziren.

Bizenta gora eta behera ibili zen horretan Larrinagako ateari begirik kendu gabe egon zen Amatxo Emili irtengo zen edo ez ikusteko. Hormaren kontra zeuden gizonen artean batek burua altxatu zuen segundo batez. Une berean, paper zati txiki bat askatu zitzaion eskuetatik. Lurrera erori zen, inork ikusi ez balu bezala.

Bizentak bai, ordea.

Izeko Karmenek ate ondoan jarraitzen zuen geldik, beldurrak harrizko estatua bat sortu balu bezala, Bizenta berriz gerturatu zen Karmenengana eta disimulu handiz lurrean zegoen papertxoa jaso zuen eta ondo gorde zuen Karmen enteratu gabe. Ez zekien zer zen argi, baina, bihozkada batek paper hori hartzeko esan zion.

Bizentak burua hotz zuen eta argi zeukan ez zuela handik alde egingo Amatxo Emili non zegoen jakin arte. Izeko Karmenek ez zekien zer egin; bere ahizpa non zegoen jakin baino ez zuen nahi, ondo zegoela. Ezin zuen bere bizitzako sostengurik handiena egun batetik bestera galdu. Beraz, Bizentak berriz eskutik heldu zion eta hantxe gelditu ziren tinko itxaroten.

Agirren gero eta urduriago zeuden eta tentsioak gora egin zuen, Mariak ez zuen gehiago jasaten eta Bilborako bidea hartzeko maleta egin eta bidean jartzea erabaki zuen, baina Amama Josepa eta Benita andreak gelditu zuten. Ezin zen plan gabe, horrela beroan joan. Dena pentsatuta eraman beharra zegoen eta gehiago Mariaren egoeran. Berriro kartzelara sartzeko aukera baitzegoen. Gure zutabe handiena ez zen inoiz hainbeste denboran etxetik kanpo egon. Aspaldian ez genuen haren besarkadarik jaso, eta lehen aldiz, berriro jasoko ote genituen zalantza egiten hasi ginen.

Ez digute sartzen utzi

Agirren ez zegoen Bilbotik zetorren berririk, ez zekiten amatxo Emili eta Izeko Karmen noiz etorriko ziren. Edorta eta biok ere jada ez geunden lasai, amatxo Emili denbora askoan falta genuen eta bere besarkadak faltan genituen. Blancak ere faltan botatzen zituen eta zer esanik ez, Maria oso urduri zegoen, bera ere Bilbora joateko prest zegoen, oso arduratuta zegoen.

Bizenta Larrinagako aldaparen azken zatira iritsi zenean hankak gelditu egin zitzaizkion berez, berak nahi gabe. Ez zen ilarara gerturatzen ausartzen, baina behin hara iritsita ezin zuen atzera egin. Barruan zuen oraindik arinago entzundako oihu isila. Goiko kale estuan hainbat pertsona ikusi zituen pilatuta: emakume batzuk hormaren kontra burumakur eta besoak gurutzatuta; gizon bat txapela eskuetan estutzen; eta beste aldean uniforme ilunak, tarteka aurrera eta atzera mugitzen zirenak, kale oso itotzen zuten.

Arnasa estutu zitzaion.

Ez zekien goiko kale hartan nor zegoen, ez zuen ondo ikusten eta urduritzen hasi zen, Amatxo Emili eta Izeko Karmen izan zitezkeen. Larrinagako atari aurrean atea erdi zabalik zegoen; inoiz ez zen ate hori zabalik izaten. Atearen zirrikitutik hotza eta heze usaina zerion, harrizko pareten eta gau oso bateko beldurraren usaina.  

Bizenta beldurrez gerturatzen hasi zen. Inork ez zion ezer esan, lerroan denak zeuden isilik, begirada batzuk gainera erori zitzaizkion berehala. Emakume zahar batek, beltzez jantzita zegoen eta buruan zuen zapia kokotseraino lotuta zuenak, segundo batez eutsi zion begirada eta beherantz makurtu zuen burua segituan. Keinu txikia izan zen, ia ikusezina, baina nahikoa, Bizentak bazekien zerbait gertatu zela.

Bai zerbait gertatu zen, isiltasun handiegia zegoen Larrinagako lerroa izateko ere.

—Emili….  Karmen…?- xuxurlatu zuen Bizentak, ahotsa hautsiz.

Inork ez zuen entzun ezta erantzun ere.

Orduan ikusi zuen Izeko Karmen, buru makur, ia negarrez.

Eskaileraren alboan zegoen, bakarrik, horma hotzari helduta, aurpegia zurbil eta begiak gorri. Bizenta korrika hurbildu zitzaion, saskia lurrera jausi zitzaion, ohartu ere ez zen egin eskuan zer zuen ere eta Izeko Karmen besarkada estu batean hartu zuen..

—Karmen! Zer gertatu da? Eta Emili? – belarrira xuxurlatu zion.

Karmenek ezin zuen hitz egin, ezpainak dardarka zituen eta arnasa hartzeko ere indarra falta zitzaion. Ezin zion arnasari buelta eman. Azkenean, besarkadatik askatu eta Bizentaren besoa heldu eta indarrak atera eta zera esan zion.

—Ez digute sartzen utzi… —esan zuen ahapeka, ia ulertu ere ez zitzaion egiten—. Gaua hemen pasa dute batzuk… eta gaur goizean…

Ezin izan zituen esaldiak bukatu, arnasa falta zuen  eta Bizentak ezin zuen egoeraren larritasuna oraindik barneratu.

Hitz guztiak airean geratu ziren, ez ziren Bizentaren belarrietara iritsi.

Goitik zarata bortitz bat entzun zen orduan: ate metaliko baten kolpea, eta gizonezko baten oihu labur bat. Kale osoa izoztu egin zen segundo batez. Inork ez zuen mugitu nahi izan.

Bizentak gora begiratu zuen.

Bigarren solairuko leiho estu batean itzal bat agertu zen une batez. Aurpegi bat zirudien. Norbait barrutik begira.

Eta berehala desagertu zen berriro.

Isiltasunak hitz egiten zuen

Egun eguzkitsua egiten zuen Bilboko erreka ondoan, Bizentaren etxetik irten ziren goizean goiz Amatxo Emili, Izeko Karmen eta Bizenta. Amatxo eta izekok Larrinagara igotzea zuten helburu, eta Bizentak, berriz, armairuak betetzeko beharra zuenez, erosketak egitera jaitsi zen.

Goizak berotuko zuela ematen zuen, baina kaleetako isiltasunak alarma piztu zion barruan. Gerra osteko garai haietan, jendeak gehiago hitz egiten zuen begiekin ahoa zabaldu beharrean.

Errekaren ertzetik zihoala konturatu zen dendetan ezer gutxi zegoela: jatekorik apenas, eta betiko jendea ere falta zen. Betiko dendara joan zen, Margarirenera; barruan hutsuneak nabariak ziren, apalak erdi hutsik, eta Margariren aurpegian kezka ageria zen. Ez zuen ezer esan behar izan.

Azoka ingurura gerturatu zen, ea esne pixka bat eros zezakeen. Baina esnearen ordez jende mordoxka bat topatu zuen, urduri eta ahapeka. Norbaitek zurrumurrua zabaldu zuen: bart gauean Larrinaga inguruan atxiloketak egon zirela. Une hartan, Bizentari bihotza uzkurtu zitzaion; Amatxo Emili eta Izeko Karmen bertara zihoazen, zer gertatu zen jakin gabe.

Izoztuta gelditu zen une batez. Azokara sartu eta erosketa saskia betetzen hasi zen, baina burua beste nonbait zuen: Emili, Karmen… Ogia, babak eta olio pixka bat hartu zituen, ordaindu eta hitzik esan gabe atera zen. Begirada bakoitzak salatu egingo zuela ematen zuen.

Saskia eskuan, Posta kaletik gora abiatu zen. Kalea ohi baino ilunagoa zegoen, eguzkia goian egon arren. Etxera bidean, atari batean bi emakume berbetan ari ziren; une batez bere izena entzun zuela iruditu zitzaion. Gelditu egin zen arnasa eusten zuen bitartean, baina hitzak lausotuta iritsi zitzaizkion. Ez zen ausartu gerturatzera. Beldurrak aurrera egitera bultzatu zuen.

Hanka arinez iritsi zen etxera, ez zuen ezer gehiago entzuterik nahi. Etxean sartu eta une batez geldi geratu zen, zer egin ez zekiela.  Kanpotik urruneko zarata batzuk iritsi zitzaizkion: pauso azkarrak, ate bat bortizki ixtearen hotsa, berehala itzaltzen zen norbaiten ahotsa. Ez zen ohiko goiza, eguzkiak berotzen zuen baina giroa oso hotza zen.

Leiho ondora gerturatu zen, gortina apur bat zabaldu zuen, gehiegi agertu gabe. Kalean jendea zebilen, baina inork ez zuen elkar begiratzen. Denak zebiltzan presaka, denak isilik.

Orduan erabaki zuen.

Ez zuen gehiago itxarongo.

Zapia hartu, atea ireki eta kalera irten zen berriro. Oraingoan pausoak azkarragoak ziren, ia konturatu gabe estutzen zuen sabela. Behin Larrinagarako aldapan gora hasita, arnasa sakon hartu zuen, baina ez zion gorputzari lasaitasunik ekarri. Sabelean zuen korapiloa askatu nahi zuen baina ez zuen lortzen.

Aldapa gora joan zen, alde batera eta bestera begiratuz, norbaitek begirada iltzatuko baliote bezala. Harriek zapaten azpian hots lehorra egiten zuten, eta hots hori bera gehiegi entzuten zuela iruditzen zitzaion. Ezin zuen pentsatu; burbuila batean sartuta zihoan, kanpoko guztia urrun geratuko balitz bezala.

Leiho batzuk itxita zeuden, beste batzuk erdi irekita, baina inor ez zen ageri. Kalea begira zegoen, baina isilik.

Erdi bidean gelditu egin zen. Goitik zetorren haize hotzak aurpegia ukitu zion. Une horretan, burbuila apurtu zen.

Metalaren hots bat. Lehorra. Zarraila baten kolpea, agian. Eta berriro isiltasuna.

Bihotza taupaka hasi zitzaion, gero eta azkarrago. Pausoa bizkortu zuen.

Aldaparen azken zatira iristen ari zela, bat-batean gelditu zen. Oraindik ez zen Larrinagako ilarara heldu, baina mugimendu arraroak antzeman zituen. Silueta ilun batzuk. Geldirik batzuk, besteak mugitzen. Ez zen ohikoa.

Ahots bat entzun zuen. Zakarragoa. Agindu baten tonua eta ondoren, beste bat, emakume batena, ahulagoa.  Ez zuen ulertu zer esan zuen. Baina beldurra entzuten zen hitzen azpian.

Bizenta geldi geratu zen, arnasa hartzea ahaztu balitzaio bezala. Une batez zalantza egin zuen: aurrera jarraitu ala buelta eman.

Baina Emiliren eta Karmenen aurpegia etorri zitzaion burura.

Eta pausoa eman zuen.

Aurrera.

Beldurra eta esperantza

Larrinagatik irten ziren. Besarkada hura luzea izan zen, eta igo zuten aldapa luze hura are luzeago egin zitzaien jaisten hasi orduko. Besarkada bukatu eta besotik oratu ziren ahizpa biak, erdi negarrez zihoazen biak, baina hasieran malkoak bata besteari erakutsi  gabe eta aldapa bukatu bezain laster beste besarkada estu eta luze batean batu ziren eta batak besteari belarrira xuxurlatu zieten:

– Dena ondo aterako da, ikusiko duzu.

Bien bitartean, Agirren, Amama Josepa Durangora jaitsi zen albisteren bat entzungo zuen esperantzaz. Ez zuen ezer argirik lortu. Benita andrearen etxetik pasatu zen gauza pare baten bila, baina esku hutsik igo zen berriro Agirrera.

Bidean, Larrinagatxun bizi zen Juanekin egin zuen topo bidegurutzean. Ez zekien gelditu edo ez ikusiarena egin. Ez zuen hitz egiteko gogorik, eta are gutxiago galderak erantzutekoa. Baina Juanek arinago ikusi zuen eta urrunetik agurtu zuen.

Ezin izan zuen ezer esan gabe aurrera jarraitu.

Amama Josepak ezer esan aurretik, Pedrogatik galdetu zion Juanek; honek bazekien zerbait. Amamak mesfidati begiratu zion, baina ez zekiela ezer esan zion, inolako zalantzarik gabe. Bazekien, finean, pertsona ona zela, baina kuxkuxerotxoa ere bai.

Ezer argirik aterako ez zuela ikusita, joan beharra zuela esan zion Juanek, eta Larrinagatxurantz hartu zuen bidea.

Bilbon ere gauzak ez ziren goxatu oraingoz. Larrinagatik jaitsi ziren ezer argitu gabe. Posta kalera heldu ziren, portalean gora eskilarak arineketan igo eta etxeko txirrina goxoki jo zuten, eurek zirela adierazteko. Esperantzaz beterik zeuden etsiturik egon nahi ez zutelako. Esperantza zen gelditzen zitzaien heldu leku bakarra. Bizentarengana iritsi ziren eta begietara begiratu eta hirurak besarkada estu eta goxo batean batu ziren, Bizentak segituan ulertu zuen ez zutela ezer lortu eta hirurak negarren anpulu artean murgildu ziren, hustu egin ziren eta behin lasaituta perspektibaz begiratu behar zuten egoera, honekin itsutu gabe.

Hurrengo egunean berriro igo behar zuten Larrinagara, lerro luze hura itxaron eta berriz Pedrogatik galdetu. Bizenta behean geratuko zen, baina ez zen etxean eserita geldituko. Posta kalean, bere etxe ondoan bizi zen Tere Verdes, liburu-denda eta inprimategia zuen etxe azpian eta bertara joango zen; baliteke berak zeozer jakitea.

Gau hartan, ordea, etxean isiltasuna zen nagusi, inork ez zuen hitzik egin. Denek gauza bera pentsatzen zuten, esperantza izpi bat bazuten baina okerrena beti zegoen begi bistan. Inor ez zen galdera egiten ausartzen: Pedroren izena entzungo ote zuten hurrengo egunean. Edo berriro isiltasuna besterik ez.

Eta gau hartan, lehen aldiz, beldurra baino handiagoa izan zen isiltasuna Agirren eta Posta kaleko etxe hartan ere.

¿A quién vienen a ver?

Bilbon, egunak aurrera jarraitu zuen, lasai, tarteka umore onean eta 3 emakumeak bizi osoan ezagutzen ziren hiru lagun ziruditen, euren bizitzako kontuak eta kantak kontatzen. Agirren ez zuten berdin bizi izan, egun hura, eguzkiak Agirreko balkoia argiztatzen zuen, baina, barruan ez zegoen argitasunik, Amama Joseparen aurpegian ikusten zen iluntasun bat, urduritasunak sortzen zuen belztasuna eta egonezina. Aurrera eta atzera zebilen Amama, alaba bi joan zitzaizkion kapitalera eta ezer ez zekitela jada egun oso bat pasa zen eta egoera ez zen onena ezer jakin gabe egoteko.

Egunaren hasierarekin batera plan bat trazatu behar zutela pentsatu zuten. Ez zuten Pedro non zegoen pistarik eta ezin ziren alde batera eta bestera ibili noraezean eta behar baino hauts gehiago harrotzen. Larrinagako kartzela abiapuntu lez hartu zuten, lehenengo hara igoko ziren bertan zegoen galdetzera. Durangon azkenekoz galdetu zutenean, Bilbora bidean zihoala esan zioten Joakinek. Beraz, Amatxo Emili eta Izeko Karmen Santutxura bidean joan ziren eskailerak gora igotzeko prest. Bizenta etxean gelditu zen, deskantsatu beharra zeukan eta sarraskiaren orbainak oraindik gorputzean zituen eta ez zen komeni  Larrinagan horrela agertzea.

Zazpi kaleak zeharkatu zituzten eta urduritasun puntu batekin zihoazen, ez zekiten zer aurkituko zuten eta. Aurreko egunean izan zuten lasaitasun guztia indar bihurtu eta pauso tinkoak emanez eta abiatu ziren. Aldapa gogorra zuten aurretik, baina goian topatu nahi zutenak beldurra ez ezik bizia ematen zieten, itxaropenak ematen zieten bizia, indarra eta aldapa leuntzeko aldarria. Aldapan gora besoak gogor oratuta zihoazen, errazago igoko balute bezala aldapa luze hura.

Aldaparen azkeneko metroetan isildu eta  askatu ziren Amatxo Emili pausu irmoagoan zihoan eta Izeko Karmen pauso erdi atzetik zihoan beldurtuago baina bizkarra zaintzen joango balitz bezala. Amatxo Emiliren burutik gauza asko pasatzen hari ziren eta ez zuen ideia bat bakarra sinistu nahi, baina gauza bakarrak zuen pisurik handiena, Pedroren izen eta abizenak, irmoki eta indarrarekin bazihoan ere, ez zekien bere semearen izen abizenak esateko gauza izango zen hara iritsitakoan, ondoren etor litezkeen egoera denak astunegiak ziren ahoz esateko.

Larrinagara iritsi zirenean, eraikinen hormen altueren itzal ilunak jan egingo zituela ematen zuen. Handia zen, iluna, leiho txikiak, estuak, sartu oteko zen argirik? Barruan zeudenek ikusi ahalko zuten kanpoan gertatzen hari zena? Ate aurrean jende andana zegoen: zapi beltzak buruan zituzten emakume andana, esku gorrituak, sokaz lotutako pakete txiki eta handiak… Inork ez zuen negar egiten eta inork ez zuen beharrezkoa baino gehiago galdetzen, asko jota, “Zu zara azkena?”. Amatxo Emilik behin baino gehiagotan esan zigun garitan zegoen guardia hark egin zizkion galderak eta niri ere buruan gelditu zitzaizkidan segituan!

— ¿A quién vienen a ver? – galdetu zieten guardiak, begiratu ere egin gabe.  

Amatxo Emilik  txistua irentsi,  Izeko Karmeni begiratu eta honako hau esan zion:

— A ver a mi hijo, Pedro.

Guardia paper baten idazten hasi zen, edo hori ematen zuen behintzat batek jakin, bere kontrabandoko lista idazten ari ote zen. Orria pasatu zuen.

-Apellidos?

Amatxok poliki esan zituen, bata bestearen atzetik, idatziko zituen esperantzarekin.

— Pedro Agirre Barrenetxea.

Guardia ate txiki batetik barrura sartu zen, esan beharra dago, amak beti kontatzen zuela ate txiki hartatik guardiak alboz sartu behar zuela, antza denez ez zuen guk beste gose pasa eta ez zen atetik sartzen. Giltza- multzoa sartu zuen atearen zerrailan, zerraila haren hotsak esperantza eta beldurra ematen zuen eta hots hura barrenera sartu zitzaien Amatxo eta izekori eta hor jarraitu zuen guardiak atea berriz zabaldu zuen arte. Biak lurrera begira zeuden eta noizbehinka batak besteari begiratzen zion betertzetik begirada altxatu gabe.  

Izeko Karmenek Amatxo Emiliren besoa estutu zuen gogor, baina ez zuen txintik ere esan. Han zeuden itxaroten urduri.

Halako batean, guardia berdina bueltatu zen, atean berriz ere alboz sartuta.

— Aquí hay muchos Pedros- Ahots izoztuarekin esan zien, gela hartan ezjakintasunaren izotz kapa bat sortuz.

— Pero… ¿Está aquí? – galdetu zuen amak, xuxurlan eta zer erantzungo zion beldurrez.

Guardiak sorbaldak jaso zituen eta ezjakintasunaren izotz kapa hori Amatxo Emili eta Izeko Karmenen gainera jausi zen,  biek sentitu zuten hotzikara ez zen txikia izan eta guardiak ahots berdinarekin jarraitu zuen:

— No está registrado. – Isilune luze baten ostean jarraitu zuen- Puede estar incomunicado o se lo han llevado a otra prisión. ¡Volved Mañana!

— Pero… -esan zuen Izeko Karmenek.

— ¡He dicho que mañana! ¡Siguiente!

Une batez geldirik gelditu ziren, ez zuten ezer ulertzen eta gutxiago sinisten, non zegoen jakin behar zuten. Eraikina han zegoen oraindik, ilara luzea ere bai, eta inguruan zeuden emakumeek penaz begiratzen zieten eta beste batzuk begirada batekin “lehenengo aldia da ezta?, ohituko zarete.” Esan zien. Eraikinak han jarraitzen zuen, ez zen mugitu, ezer gertatu ez balitz bezala. Barruan ez omen zegoen Pedrorik, gorputzik semerik egongo ez balitz bezala. Hutsik irten ziren bertatik, izoztuta eta nora ezean, non zeuden jakin gabe. Beheranzko bidea hartu zuten, elkarri begiratu gabe, isilik, kontzientzia gabe, nora zihoazen jakin gabe. Aldapa hura jaisten hari ziren indar gabe, esperantza gabe eta ezer gabe. Baina Erdialdean Amatxo Emili gelditu zen atzera begiratu zuen eta Pedroren izena xuxurlatu zuen berriro, ahaztu ez zedin.

— PEDRO.

Amatxo Emilik Izeko Karmen besarkatu zuen inoiz baino gogorra, inoiz baino estuago. Amatxo Emilik bazuen horrelako indar bat, barrenetik irteten zitzaiona eta denok aurrera ateratzen gintuena, kasu honetan ere, horrela izan zen. Ez zekiten non zegoen, baina bazekiten ez zutela bilatzea alde batera utziko. Jarraituko zutela, beti bezala tinko, irmo eta biak batera.  

Bizentaren etxea, euren etxea

Egunak argitu zuen, eguzkia irten zen, baina Agirren lo asko egin gabe zeuden Benita andrea eta amama Josepa. Urduri zeuden, ez zegoen berririk eta arraoa zen.

Amatxo Emili eta izeko Karmen altxatu ziren, berokiak astindu, inguruetara begiratu eta euren bidea egiten hasi ziren. Hasieran noraezean zebiltzan, ez zekiten nora joan. Goizegi ere bazen eta kaleak hutsik zeuden, urian eguna hasi gabe egongo bailitzan. Arriaga plazara abiatu ziren, Zazpi kaleetan barneratzeko asmotan. Beldurtuta abiatu ziren, ez zekiten zer aurkituko zuten, ezta Benita andrearen lagun hark nola hartuko zituen.

Amatxo Emilik helbidea begiratu zuen berriz, “Posta kalea, 15” jartzen zuen. Ondo ikusi ondoren, paper hura txiki txiki egin eta errekara bota zuten. Bizenta Belaustegoitia zuen izena, hori zen hasieran zuten informazio bakarra. Posta kalean barrena joan ziren eta 15. Zenbakian gelditu ziren, ez zuten oso argi zein ate zen, zenbakia erdi ezabatuta baitzegoen. Portalaren parean zeuden zenbakiari begira, zer egin ez zekitela, ez zekiten zer aurkitu zuten, nork zabalduko zien ezta zabalduko zienik ere. Baina arre edo so egin behar zuten portale hartako bizilagunek txarto begiratzen hasi baitziren.

Hirugarren pisura igo behar zuten, eskailera bakoitza pauso irmoz igo zituzten, nahiz eta barrenak dardara batean zituzten eta Bizentaren ate aurrera iritsi zirenean, belaunek dantza egiten zieten biei. Arnasa sakon hartu zuten eta atea beldur apur batekin jo zuten ez baitzekiten zer aurkituko zuten atearen beste aldean.

Benita andreak argibide argiak eman zizkieten eta itxaroten zeuden bitartean denak errepasatu zituzten:

  1. Benita andrearen izena esan
  2. Koaderno gorria erakutsi
  3. Larre berde iluntz gorri esan

Era lotsatian ireki zieten atea, astiro astiro eta mesfidati. Neska gazte batek ireki izen atea, buruan loredun zapi bat zuen eta ilunetan ezkutatzen zuen aurpegia, gero ulertu zuten zergatik. Amatxo Emilik “Benita Urizar” esan zuen beldur apur batekin baina bi aldiz pentsatu gabe eta eskuan zuen koaderno gorria jarri zuen paparrean ikusgai. Bizentaren aurpegia aldatu egin zen eta azkeneko esaldia entzuteko esperoan zegoen eta izeko Karmenek segidan esan zuenean aurpegia ilunpetik atera zuen Bizentak, atea arin zabaldu eta Amatxo Emili eta Izeko Karmen barrura sartu ziren arin batean.

Atea zabaldu eta jarraian konturatu ziren Bizenta garai latzak bizitzen ari zela. Baina emakume indartsua zela argi gelditu zitzaien eta borrokan egiteko indarra zuela oraindik, nahiz eta txarto pasarazi. Asko eskertu zuten Bizentak egindako ahalegina.

Bizenta Emakumen Abertzaleen Batzako kidea zen Bilbon gazte gaztetatik, sortu zenetik bertan ibili zen Petra Gandariasekin batera. Maistra zen ikasketaz eta ofizioz, baina frankistek debekatu egin zioten. Gogoz kontra bazen ere, utzi egin behar izan zuen. Baina ez zen zigor bakarra izan, Bizenta aurreko astean atxilotu zuten eta Orueko txaletera eraman zuten egun batez, maistra izan eta iritzi bat izatearren. Egun bat bertan pasa ostean, paseora atera zuten eta kaskamotz utzi zuten. Ordu asko eman zituzten Bizentarekin berbetan, Pedrori buruz beranduago hitz egingo zutela erabaki zuten, babesleku baten sartu zirela sentitzen zuten, aspalditik ezagutzen zirela zirudien.

Amatxo Emilik eta izeko Karmenek kontatu zizkiguten Bizentak pasatutakoak etxera bueltatu zirenean, gure aurrean detaile asko eman gabe.

Ni ez naiz asko gogoratzen baina Mariaren aurpegia ez dut inoiz ahaztuko, berriz bizitzen ari zela ematen zuen.

Eta orain zer?

Agirren ez zegoen Amatxo Emili eta Izeko Karmenen berririk. Ez zekiten ezer, Bilbora iritsi ziren edo ez, zerbait gertatu zitzaien edo tren hura hartu zuten edo ez. Giroa ez zen inondik inora aldatu eta lehen bat falta bazen, orain, momentu hartan, hiru pertsona falta zitzaizkigun eta Agirren tentsioa handitzen hasi zen. Itxaron behar zela denek zekiten, baina itxaronaldi hura amaigabea zen.

Baina Amatxo Emili eta Izeko Karmen ez ziren galdu, ez zitzaien ezer gertatu, harritxo bat edo harri mordoxka bat topatu zuten bidean, zentzurik literalenean.

Galdakaora iritsi ziren 18:15ak aldera eta geltokira iritsi baino arinago, harriz egindako mendi bat aurkitu zuten eta trena bortizki gelditu zen. Trenaren barruan zeudenak ez zuten ezer ulertu, baina behin leihotik begiratu zutenean, harrizko mendi hura ikusi zuten eta segituan ulertu zuten. Harrituta zeuden eta ez zekiten zer egin, baina garai hartan edozer pasa zitekeen.

Aurrera edo atzera egin behar zuten: bi aukera zituzten, aurrera egin edo Durangora itzuli. Behin Galdakaora iritsita aurrera egitea erabaki zuten, Durangora itzultzeak helburua ez betetzea esan nahi zuen eta Pedro bilatzeko bidean atzera egiten izango litzateke.

Berokiak ondo jarri, gauza denak bere lekuan zituztela egiaztatu eta Bilborako bidea hartu zuten. Trenbideak beti eramaten gaitu Bilbora eta Amatxo Emili eta Izeko Karmenek trenbidea jarraitu zuten, bidea ez zen hain luzea baina luze egin zitzaien. Ez zekiten zer aurkituko bidean, beste batzuk ere beraien autu berdina egin zuten, nahiz eta ezezagunak izan, babestuta zihoazela sentitzen zuten, bakarrik ez gutxienez.

Iluntzen hasita zegoen, gaua guztiz belztu aurretik iritsi nahi zuten Bilbora, baina ilunduta zegoen Bilbora heldu zirenean. Bidean lagun izan zituztenak atzean utzi eta biak bakarrik gelditu ziren. Ez zekiten nora joan eta garai hartan behin ilunduta ezezagun baten etxera joatea ez zen zentzuzkoena.

Ez zuten nora joan eta hozten hasi zen, errekaren inguruan paseo beldurti bat eman zuten eta Arriagako zubiaren alde baten ezkutatu ziren, zapatak aldatu zituzten eta berokiak manta lez hartu eta eskuak bata bestearekin hartuta jarri ziren. Hurrengo goizean, lehenengo eguzki izpiek aurpegia laztandu zien eta nahiz eta ez zen gau ona izan, goizeko eguzki izpi haiek berotu zituen eta indarrak eman zizkien aurrera egiteko. Ahal bezain azkar altxatu ziren, zapatak aldatu eta Benita andreak emandako helbidera abiatu ziren.

Guk Agirren ez genuen inoren berririk, baina Edorta, Blanca eta hirurok karrajoan jolasten hasi ginen eta orduak konturatu gabe pasa zitzaizkigun. Nagusiei berriz, orduak luze egin zitzaizkien, ez zegoen berririk, onik ez txarrik eta kezkatzen hasita zeuden.

Ez ziren Bilbora iritsi

Agirren bat falta zen, dena zegoen hankaz gora, gerrak, bonbardaketak eta egoerak berak beldurtu gintuen, nahiz eta gu, Agirreko txikitxoenak babesten saiatzen ziren. Baina egunak joan eta egunak etorri urduritasuna zen Agirren nagusi.

Amatxo Emili eta izeko Karmen beste behin ere Durangora jaitsi ziren berriren bat egongo zen esperantzarekin. Bide batez, Benita andrearen etxetik pasatu ziren ea dena ondo zegoen ikustera eta bertan urduritasunak uzten zuen lasaitasunean zirt edo zart egiteko.

Pedro Durangon bilatzen ez bazuten Bilborako bidea hartuko zutela erabaki zuten aurreko egunean Amatxo Emilik, izeko Karmenek eta Mariak izan zuten azken elkarrizketan eta horri eusteko zer egin pentsatzeari ekin zioten etxera bidean.

Benita andrearen etxetik pasatu ziren eta koaderno gorri bat eta pezeta gutxi batzuk topatu zituzten berak esan zien lekuan. Agirrera bueltatu ziren bideorria diseinatzeko Amama Josepa, Benita andrea eta Mariari kontatu zien eta 17:00etako trenean Bilborantza joateko asmoa zutela esan zieten eta nola joango ziren. Mariak ere laguntzea nahiko luke, baina bere egoeran ez zen ideiarik onena. Blanca, Edorta eta hirurok eskatzean batu gintuzten eta Amatxo Emilik inoiz eman zigun besarkadarik estuena eman zigun, amatxoren arnasestuaz gogoratzen naiz oraindik.

Pantxikeren gainean jaitsi ziren Zornotzaraino, treneko txartela merketzeko asmotan. Zornotzan Paskuala beheko etxekoarenean itxi zuten gero, bueltan jasotzeko asmoz. 17:00etako trenera iritsi ziren, geltokira sartu orduko poltsan zituzten domeketako zapatak atera, abarketa loiak poltsan sartu eta Benita andreak emandako papeltxoa titizorroan ondo gorde eta beroki luze haiek ondo jarri ostean, txartela erosi zuten eta trenera sartu ziren.

Abiatu abiatu ziren eta Agirren ezinegonak jarraitzen zuen. Amama Josepa eta Benita andreak hartu gintuzten 3 txikitxook eta Maria ez zen Amatxo Emili eta izko Karmen etorriarte eskatz hartatik mugitu, ez zekien zer egin, blokeatuta gelditu zen, ezin izan zuen ezer egin. Amatxo Emili eta Izeko Karmen ez ziren Bilbora iritsi, Galdakaon gelditu behar izan ziren trenbidea harriz beteta zegoelako. Guk Agirren ez genekien ezer, ezinegona zen nagusi. Eskatzeko alde batean Maria, mutu eta urduri, ezer egin ezinik eta beste aldean gu, lasaitasun faltsu batean.