¿A quién vienen a ver?

Bilbon, egunak aurrera jarraitu zuen, lasai, tarteka umore onean eta 3 emakumeak bizi osoan ezagutzen ziren hiru lagun ziruditen, euren bizitzako kontuak eta kantak kontatzen. Agirren ez zuten berdin bizi izan, egun hura, eguzkiak Agirreko balkoia argiztatzen zuen, baina, barruan ez zegoen argitasunik, Amama Joseparen aurpegian ikusten zen iluntasun bat, urduritasunak sortzen zuen belztasuna eta egonezina. Aurrera eta atzera zebilen Amama, alaba bi joan zitzaizkion kapitalera eta ezer ez zekitela jada egun oso bat pasa zen eta egoera ez zen onena ezer jakin gabe egoteko.

Egunaren hasierarekin batera plan bat trazatu behar zutela pentsatu zuten. Ez zuten Pedro non zegoen pistarik eta ezin ziren alde batera eta bestera ibili noraezean eta behar baino hauts gehiago harrotzen. Larrinagako kartzela abiapuntu lez hartu zuten, lehenengo hara igoko ziren bertan zegoen galdetzera. Durangon azkenekoz galdetu zutenean, Bilbora bidean zihoala esan zioten Joakinek. Beraz, Amatxo Emili eta Izeko Karmen Santutxura bidean joan ziren eskailerak gora igotzeko prest. Bizenta etxean gelditu zen, deskantsatu beharra zeukan eta sarraskiaren orbainak oraindik gorputzean zituen eta ez zen komeni  Larrinagan horrela agertzea.

Zazpi kaleak zeharkatu zituzten eta urduritasun puntu batekin zihoazen, ez zekiten zer aurkituko zuten eta. Aurreko egunean izan zuten lasaitasun guztia indar bihurtu eta pauso tinkoak emanez eta abiatu ziren. Aldapa gogorra zuten aurretik, baina goian topatu nahi zutenak beldurra ez ezik bizia ematen zieten, itxaropenak ematen zieten bizia, indarra eta aldapa leuntzeko aldarria. Aldapan gora besoak gogor oratuta zihoazen, errazago igoko balute bezala aldapa luze hura.

Aldaparen azkeneko metroetan isildu eta  askatu ziren Amatxo Emili pausu irmoagoan zihoan eta Izeko Karmen pauso erdi atzetik zihoan beldurtuago baina bizkarra zaintzen joango balitz bezala. Amatxo Emiliren burutik gauza asko pasatzen hari ziren eta ez zuen ideia bat bakarra sinistu nahi, baina gauza bakarrak zuen pisurik handiena, Pedroren izen eta abizenak, irmoki eta indarrarekin bazihoan ere, ez zekien bere semearen izen abizenak esateko gauza izango zen hara iritsitakoan, ondoren etor litezkeen egoera denak astunegiak ziren ahoz esateko.

Larrinagara iritsi zirenean, eraikinen hormen altueren itzal ilunak jan egingo zituela ematen zuen. Handia zen, iluna, leiho txikiak, estuak, sartu oteko zen argirik? Barruan zeudenek ikusi ahalko zuten kanpoan gertatzen hari zena? Ate aurrean jende andana zegoen: zapi beltzak buruan zituzten emakume andana, esku gorrituak, sokaz lotutako pakete txiki eta handiak… Inork ez zuen negar egiten eta inork ez zuen beharrezkoa baino gehiago galdetzen, asko jota, “Zu zara azkena?”. Amatxo Emilik behin baino gehiagotan esan zigun garitan zegoen guardia hark egin zizkion galderak eta niri ere buruan gelditu zitzaizkidan segituan!

— ¿A quién vienen a ver? – galdetu zieten guardiak, begiratu ere egin gabe.  

Amatxo Emilik  txistua irentsi,  Izeko Karmeni begiratu eta honako hau esan zion:

— A ver a mi hijo, Pedro.

Guardia paper baten idazten hasi zen, edo hori ematen zuen behintzat batek jakin, bere kontrabandoko lista idazten ari ote zen. Orria pasatu zuen.

-Apellidos?

Amatxok poliki esan zituen, bata bestearen atzetik, idatziko zituen esperantzarekin.

— Pedro Agirre Barrenetxea.

Guardia ate txiki batetik barrura sartu zen, esan beharra dago, amak beti kontatzen zuela ate txiki hartatik guardiak alboz sartu behar zuela, antza denez ez zuen guk beste gose pasa eta ez zen atetik sartzen. Giltza- multzoa sartu zuen atearen zerrailan, zerraila haren hotsak esperantza eta beldurra ematen zuen eta hots hura barrenera sartu zitzaien Amatxo eta izekori eta hor jarraitu zuen guardiak atea berriz zabaldu zuen arte. Biak lurrera begira zeuden eta noizbehinka batak besteari begiratzen zion betertzetik begirada altxatu gabe.  

Izeko Karmenek Amatxo Emiliren besoa estutu zuen gogor, baina ez zuen txintik ere esan. Han zeuden itxaroten urduri.

Halako batean, guardia berdina bueltatu zen, atean berriz ere alboz sartuta.

— Aquí hay muchos Pedros- Ahots izoztuarekin esan zien, gela hartan ezjakintasunaren izotz kapa bat sortuz.

— Pero… ¿Está aquí? – galdetu zuen amak, xuxurlan eta zer erantzungo zion beldurrez.

Guardiak sorbaldak jaso zituen eta ezjakintasunaren izotz kapa hori Amatxo Emili eta Izeko Karmenen gainera jausi zen,  biek sentitu zuten hotzikara ez zen txikia izan eta guardiak ahots berdinarekin jarraitu zuen:

— No está registrado. – Isilune luze baten ostean jarraitu zuen- Puede estar incomunicado o se lo han llevado a otra prisión. ¡Volved Mañana!

— Pero… -esan zuen Izeko Karmenek.

— ¡He dicho que mañana! ¡Siguiente!

Une batez geldirik gelditu ziren, ez zuten ezer ulertzen eta gutxiago sinisten, non zegoen jakin behar zuten. Eraikina han zegoen oraindik, ilara luzea ere bai, eta inguruan zeuden emakumeek penaz begiratzen zieten eta beste batzuk begirada batekin “lehenengo aldia da ezta?, ohituko zarete.” Esan zien. Eraikinak han jarraitzen zuen, ez zen mugitu, ezer gertatu ez balitz bezala. Barruan ez omen zegoen Pedrorik, gorputzik semerik egongo ez balitz bezala. Hutsik irten ziren bertatik, izoztuta eta nora ezean, non zeuden jakin gabe. Beheranzko bidea hartu zuten, elkarri begiratu gabe, isilik, kontzientzia gabe, nora zihoazen jakin gabe. Aldapa hura jaisten hari ziren indar gabe, esperantza gabe eta ezer gabe. Baina Erdialdean Amatxo Emili gelditu zen atzera begiratu zuen eta Pedroren izena xuxurlatu zuen berriro, ahaztu ez zedin.

— PEDRO.

Amatxo Emilik Izeko Karmen besarkatu zuen inoiz baino gogorra, inoiz baino estuago. Amatxo Emilik bazuen horrelako indar bat, barrenetik irteten zitzaiona eta denok aurrera ateratzen gintuena, kasu honetan ere, horrela izan zen. Ez zekiten non zegoen, baina bazekiten ez zutela bilatzea alde batera utziko. Jarraituko zutela, beti bezala tinko, irmo eta biak batera.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude