Bizentaren etxea, euren etxea

Egunak argitu zuen, eguzkia irten zen, baina Agirren lo asko egin gabe zeuden Benita andrea eta amama Josepa. Urduri zeuden, ez zegoen berririk eta arraoa zen.

Amatxo Emili eta izeko Karmen altxatu ziren, berokiak astindu, inguruetara begiratu eta euren bidea egiten hasi ziren. Hasieran noraezean zebiltzan, ez zekiten nora joan. Goizegi ere bazen eta kaleak hutsik zeuden, urian eguna hasi gabe egongo bailitzan. Arriaga plazara abiatu ziren, Zazpi kaleetan barneratzeko asmotan. Beldurtuta abiatu ziren, ez zekiten zer aurkituko zuten, ezta Benita andrearen lagun hark nola hartuko zituen.

Amatxo Emilik helbidea begiratu zuen berriz, “Posta kalea, 15” jartzen zuen. Ondo ikusi ondoren, paper hura txiki txiki egin eta errekara bota zuten. Bizenta Belaustegoitia zuen izena, hori zen hasieran zuten informazio bakarra. Posta kalean barrena joan ziren eta 15. Zenbakian gelditu ziren, ez zuten oso argi zein ate zen, zenbakia erdi ezabatuta baitzegoen. Portalaren parean zeuden zenbakiari begira, zer egin ez zekitela, ez zekiten zer aurkitu zuten, nork zabalduko zien ezta zabalduko zienik ere. Baina arre edo so egin behar zuten portale hartako bizilagunek txarto begiratzen hasi baitziren.

Hirugarren pisura igo behar zuten, eskailera bakoitza pauso irmoz igo zituzten, nahiz eta barrenak dardara batean zituzten eta Bizentaren ate aurrera iritsi zirenean, belaunek dantza egiten zieten biei. Arnasa sakon hartu zuten eta atea beldur apur batekin jo zuten ez baitzekiten zer aurkituko zuten atearen beste aldean.

Benita andreak argibide argiak eman zizkieten eta itxaroten zeuden bitartean denak errepasatu zituzten:

  1. Benita andrearen izena esan
  2. Koaderno gorria erakutsi
  3. Larre berde iluntz gorri esan

Era lotsatian ireki zieten atea, astiro astiro eta mesfidati. Neska gazte batek ireki izen atea, buruan loredun zapi bat zuen eta ilunetan ezkutatzen zuen aurpegia, gero ulertu zuten zergatik. Amatxo Emilik “Benita Urizar” esan zuen beldur apur batekin baina bi aldiz pentsatu gabe eta eskuan zuen koaderno gorria jarri zuen paparrean ikusgai. Bizentaren aurpegia aldatu egin zen eta azkeneko esaldia entzuteko esperoan zegoen eta izeko Karmenek segidan esan zuenean aurpegia ilunpetik atera zuen Bizentak, atea arin zabaldu eta Amatxo Emili eta Izeko Karmen barrura sartu ziren arin batean.

Atea zabaldu eta jarraian konturatu ziren Bizenta garai latzak bizitzen ari zela. Baina emakume indartsua zela argi gelditu zitzaien eta borrokan egiteko indarra zuela oraindik, nahiz eta txarto pasarazi. Asko eskertu zuten Bizentak egindako ahalegina.

Bizenta Emakumen Abertzaleen Batzako kidea zen Bilbon gazte gaztetatik, sortu zenetik bertan ibili zen Petra Gandariasekin batera. Maistra zen ikasketaz eta ofizioz, baina frankistek debekatu egin zioten. Gogoz kontra bazen ere, utzi egin behar izan zuen. Baina ez zen zigor bakarra izan, Bizenta aurreko astean atxilotu zuten eta Orueko txaletera eraman zuten egun batez, maistra izan eta iritzi bat izatearren. Egun bat bertan pasa ostean, paseora atera zuten eta kaskamotz utzi zuten. Ordu asko eman zituzten Bizentarekin berbetan, Pedrori buruz beranduago hitz egingo zutela erabaki zuten, babesleku baten sartu zirela sentitzen zuten, aspalditik ezagutzen zirela zirudien.

Amatxo Emilik eta izeko Karmenek kontatu zizkiguten Bizentak pasatutakoak etxera bueltatu zirenean, gure aurrean detaile asko eman gabe.

Ni ez naiz asko gogoratzen baina Mariaren aurpegia ez dut inoiz ahaztuko, berriz bizitzen ari zela ematen zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude