Eta orain zer?

Agirren ez zegoen Amatxo Emili eta Izeko Karmenen berririk. Ez zekiten ezer, Bilbora iritsi ziren edo ez, zerbait gertatu zitzaien edo tren hura hartu zuten edo ez. Giroa ez zen inondik inora aldatu eta lehen bat falta bazen, orain, momentu hartan, hiru pertsona falta zitzaizkigun eta Agirren tentsioa handitzen hasi zen. Itxaron behar zela denek zekiten, baina itxaronaldi hura amaigabea zen.

Baina Amatxo Emili eta Izeko Karmen ez ziren galdu, ez zitzaien ezer gertatu, harritxo bat edo harri mordoxka bat topatu zuten bidean, zentzurik literalenean.

Galdakaora iritsi ziren 18:15ak aldera eta geltokira iritsi baino arinago, harriz egindako mendi bat aurkitu zuten eta trena bortizki gelditu zen. Trenaren barruan zeudenak ez zuten ezer ulertu, baina behin leihotik begiratu zutenean, harrizko mendi hura ikusi zuten eta segituan ulertu zuten. Harrituta zeuden eta ez zekiten zer egin, baina garai hartan edozer pasa zitekeen.

Aurrera edo atzera egin behar zuten: bi aukera zituzten, aurrera egin edo Durangora itzuli. Behin Galdakaora iritsita aurrera egitea erabaki zuten, Durangora itzultzeak helburua ez betetzea esan nahi zuen eta Pedro bilatzeko bidean atzera egiten izango litzateke.

Berokiak ondo jarri, gauza denak bere lekuan zituztela egiaztatu eta Bilborako bidea hartu zuten. Trenbideak beti eramaten gaitu Bilbora eta Amatxo Emili eta Izeko Karmenek trenbidea jarraitu zuten, bidea ez zen hain luzea baina luze egin zitzaien. Ez zekiten zer aurkituko bidean, beste batzuk ere beraien autu berdina egin zuten, nahiz eta ezezagunak izan, babestuta zihoazela sentitzen zuten, bakarrik ez gutxienez.

Iluntzen hasita zegoen, gaua guztiz belztu aurretik iritsi nahi zuten Bilbora, baina ilunduta zegoen Bilbora heldu zirenean. Bidean lagun izan zituztenak atzean utzi eta biak bakarrik gelditu ziren. Ez zekiten nora joan eta garai hartan behin ilunduta ezezagun baten etxera joatea ez zen zentzuzkoena.

Ez zuten nora joan eta hozten hasi zen, errekaren inguruan paseo beldurti bat eman zuten eta Arriagako zubiaren alde baten ezkutatu ziren, zapatak aldatu zituzten eta berokiak manta lez hartu eta eskuak bata bestearekin hartuta jarri ziren. Hurrengo goizean, lehenengo eguzki izpiek aurpegia laztandu zien eta nahiz eta ez zen gau ona izan, goizeko eguzki izpi haiek berotu zituen eta indarrak eman zizkien aurrera egiteko. Ahal bezain azkar altxatu ziren, zapatak aldatu eta Benita andreak emandako helbidera abiatu ziren.

Guk Agirren ez genuen inoren berririk, baina Edorta, Blanca eta hirurok karrajoan jolasten hasi ginen eta orduak konturatu gabe pasa zitzaizkigun. Nagusiei berriz, orduak luze egin zitzaizkien, ez zegoen berririk, onik ez txarrik eta kezkatzen hasita zeuden.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude