Agirreko bidean agertutako silueta gero eta gertuago zegoen. Amama Josepak gortina baztertu eta kopeta leiho hotzaren kontra jarri zuen, nor zen lehenbailehen ezagutu nahian. Mariak ere aulkitik altxatu zuen burua, baina ez zen mugitu. Maletak ate ondoan jarraitzen zuen.
Posta kalean, berriz, etxera igo ziren hiru emakumeak, Bizentak Amatxo Emili goxo-goxo besarkatu zuen eta Izeko Karmenek biak besarkatu zituen. Amatxo Emili oraindik dardarka zegoen. Hirurak egongelara iritsi ziren eta Izeko Karmen Amatxo Emili lasaitzen ari zen bitartean, Bizenta sukaldean esnea berotzen ari zen. Bizentak ez zuen berokia ere kendu. Sukaldean sartu, eskuineko poltsikotik zapia atera eta, harekin batera, Larrinagako hormaren ondoan jasotako paper-zatia erori zitzaion. Hasieran ez zuen ikusi. Pauso bat ematean, ordea, oin ondoan zegoela ohartu zen.
Amama Josepak kopeta leiho hotzaren kontra mantentzen zuen. Ezin zuen bidean zetorren pertsona nor zen bereizi, eta beldurra barruraino sartu zitzaion. Garai korapilatsuak ziren eta edozein etorri zitekeen. Amama Josepa leihotik bat-batean aldendu eta guri begira jarri zen.
—Juen zaittezie kuartora, geldittu zaittezie han nik esan arte eta isilik egon, txintik bez. Bai?
Ez genuen galderarik egin. Haren ahotsak ez zuen erantzunik onartzen. Blanca aurretik joan zen eta Edorta eta biok haren atzetik igo ginen. Gelako atea erdi zabalik utzi genuen, behean gertatzen zena entzun ahal izateko.
Isiltasun hartan, kanpotik zetozen pausoak entzuten hasi ginen. Lehenengo urrun, harrien kontra ia nabaritzen ez ziren kolpe txikiak baino ez. Gero eta argiago. Gero eta gertuago.
Amama Josepa atearen ondoan zegoen, mugitu gabe. Maria aulkitik altxatu zen azkenean, baina berokia eta zapia jantzita jarraitzen zuen. Biak elkarri begiratu zioten, hitzik egin gabe.
Kanpoko pertsona etxe aurrean gelditu zen.
Ez zuen aterik jo.
Beste aldean, norbaiten arnasestuaren hotsa baino ez zen entzuten.
Amama Josepak atearen goiko aldea zabaldu zuen pixkanaka. Kanpoko iluntasuna sartu zen sukaldera, baina emakumearen aurpegia itzalpean zegoen oraindik. Buruan zapia zeraman, gorputzari estu lotutako berokia eta eskuak bularraren kontra bilduta.
Emakumeak burua altxatu zuen.
—Amama… —esan zuen ahots ahul batez.
Hitz bakarra nahikoa izan zen.
Amama Josepak berehala ezagutu zuen ahotsa. Atearen beheko aldea presaka zabaldu eta eskuak luzatu zituen. Reme ia haren gainera erori zen, etxera iristeko gorde zuen azken indarra besarkada hartan amaitu balitzaio bezala.
Iloba beso artean estutu eta bizkarra laztandu zion, ume txiki bat balitz bezala. Hasieran ez zion ezer galdetu. Une hartan, nahikoa zuen Reme bizirik eta bere besoen artean sentitzea.
Goiko gelatik besarkadaren erdian entzun genuen negar hotsa. Ez genekien norena zen: Remerena, Amama Joseparena edo biena.
Mariak irribarre txiki bat egin zuen, egun osoan egiten zuen lehena. Ondoren, eskailerarantz jiratu zen.
—¡Bajad! ¡Es Reme!
Ez zuen bigarren aldiz esan behar izan. Blanca, Edorta eta hirurok korrika jaitsi ginen. Reme ikustean, haren inguruan bildu eta gogor-gogor besarkatu genuen. Benita andrea eta Maria ere batu ziren besarkadara.
Une batez, inork ez zuen galdetu Durangon zer gertatu zen edo zer berri zekarren. Galdera guztiak gero etorriko ziren.
Momentu hartan, nahikoa zen Reme etxean egotea.
Gutxinaka bazetozen etxekoak Agirrera.
Baina oraindik beste batzuk falta ziren.
Posta kalean, bitartean, Bizentak papertxoa berriro poltsikoan gorde, esne beroa hartu eta egongelara itzuli zen. Amatxo Emili eta Izeko Karmen sofan zeuden, eskuak elkarri kiribilduta. Amatxo Emiliren dardara baretu zen pixka bat, baina Larrinagako atearen beste aldean bizitakoa begiradan iltzatuta zeraman oraindik.
Bizentak esnea zerbitzatu zien. Ondoren, poltsikotik papertxoa atera eta mahaiaren erdian utzi zuen. Izeko Karmenek kikara ezpainetara eramateari utzi zion. Amatxo Emilik, berriz, paperari begiratu zion, baina ez zuen ezer galdetu.
—Hau Larrinagako hormaren ondoan aurkitu dot —esan zuen Bizentak.
Isiltasuna nagusitu zen berriro egongelan.
Hirurek paperari begiratu zioten.
Baina inork ez zuen eskua luzatu.