Beldurra eta esperantza

Larrinagatik irten ziren. Besarkada hura luzea izan zen, eta igo zuten aldapa luze hura are luzeago egin zitzaien jaisten hasi orduko. Besarkada bukatu eta besotik oratu ziren ahizpa biak, erdi negarrez zihoazen biak, baina hasieran malkoak bata besteari erakutsi  gabe eta aldapa bukatu bezain laster beste besarkada estu eta luze batean batu ziren eta batak besteari belarrira xuxurlatu zieten:

– Dena ondo aterako da, ikusiko duzu.

Bien bitartean, Agirren, Amama Josepa Durangora jaitsi zen albisteren bat entzungo zuen esperantzaz. Ez zuen ezer argirik lortu. Benita andrearen etxetik pasatu zen gauza pare baten bila, baina esku hutsik igo zen berriro Agirrera.

Bidean, Larrinagatxun bizi zen Juanekin egin zuen topo bidegurutzean. Ez zekien gelditu edo ez ikusiarena egin. Ez zuen hitz egiteko gogorik, eta are gutxiago galderak erantzutekoa. Baina Juanek arinago ikusi zuen eta urrunetik agurtu zuen.

Ezin izan zuen ezer esan gabe aurrera jarraitu.

Amama Josepak ezer esan aurretik, Pedrogatik galdetu zion Juanek; honek bazekien zerbait. Amamak mesfidati begiratu zion, baina ez zekiela ezer esan zion, inolako zalantzarik gabe. Bazekien, finean, pertsona ona zela, baina kuxkuxerotxoa ere bai.

Ezer argirik aterako ez zuela ikusita, joan beharra zuela esan zion Juanek, eta Larrinagatxurantz hartu zuen bidea.

Bilbon ere gauzak ez ziren goxatu oraingoz. Larrinagatik jaitsi ziren ezer argitu gabe. Posta kalera heldu ziren, portalean gora eskilarak arineketan igo eta etxeko txirrina goxoki jo zuten, eurek zirela adierazteko. Esperantzaz beterik zeuden etsiturik egon nahi ez zutelako. Esperantza zen gelditzen zitzaien heldu leku bakarra. Bizentarengana iritsi ziren eta begietara begiratu eta hirurak besarkada estu eta goxo batean batu ziren, Bizentak segituan ulertu zuen ez zutela ezer lortu eta hirurak negarren anpulu artean murgildu ziren, hustu egin ziren eta behin lasaituta perspektibaz begiratu behar zuten egoera, honekin itsutu gabe.

Hurrengo egunean berriro igo behar zuten Larrinagara, lerro luze hura itxaron eta berriz Pedrogatik galdetu. Bizenta behean geratuko zen, baina ez zen etxean eserita geldituko. Posta kalean, bere etxe ondoan bizi zen Tere Verdes, liburu-denda eta inprimategia zuen etxe azpian eta bertara joango zen; baliteke berak zeozer jakitea.

Gau hartan, ordea, etxean isiltasuna zen nagusi, inork ez zuen hitzik egin. Denek gauza bera pentsatzen zuten, esperantza izpi bat bazuten baina okerrena beti zegoen begi bistan. Inor ez zen galdera egiten ausartzen: Pedroren izena entzungo ote zuten hurrengo egunean. Edo berriro isiltasuna besterik ez.

Eta gau hartan, lehen aldiz, beldurra baino handiagoa izan zen isiltasuna Agirren eta Posta kaleko etxe hartan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude