Atearen iluntasunetik

Amatxo Emili barrura sartu zenetik, Izeko Karmen harri bat bezain gogor geratu zen Larrinagako kartzelako horma hezearen ondoan, baina ez zion ateari begirik kentzen. Bizentak, berriz, esku bat berokiaren poltsikoan sartu eta atera egiten zuen. Papertxoa atzamarren artean estutzen zuen, galdu ote zuen beldurrez, oraindik han zegoela ziurtatzeko. Paper txikia zen, hainbat aldiz tolestuta zegoen, eta hezetasunak ertzak bigundu zizkion.

Kartzelako atetik guardiak atera ziren. Jarrera oldarkorrez eta ahots zakarrez, han bildutakoak bidali nahi zituzten. Jendea urruntzen hasi ziren, inork galderarik egiteko eskubiderik izango ez balu bezala. Emakume batzuek poltsak hartu eta aldapan behera egin zuten, burumakur. Beste batzuk, ordea, hormaren kontra geratu ziren tinko, atea noiz irekiko zain.

Izeko Karmen pixka bat berpiztu zen eta bere lekuan tinko mantendu zen. Ez zen mugitu.

—Ez naz hemendik joango Emili agertu arte —esan zuen, ia ahotsik gabe.

Bizentak eskutik heldu zion.

—Ezta ni be.

Agirren ez zekiten zer egin. Mariaren maletak ate ondoan jarraitzen zuen. Amama Josepak Benita andreari begiratzen zion, alabatzat zuen Mariari zer esan ez zekiela. Mariak berokia jantzita eta zapia lepoan lotuta zituen, edozein unetan Bilborako bidea hartzeko prest.

—No puedo esperar más… —esan zuen—. Les ha pasado algo.

Benita andreak begietara begiratu zion, bere urduritasuna ezkutatu nahian.

—Eta zu bidean galtzen bazara, zer egingo dugu? Nora joango gara zure bila?

Mariak beldurra ikusi zuen Benita andrearen begietan, eta isilik geratu zen. Sukaldeko aulkian eseri zen, burumakur, baina ez zuen berokia kendu. Maleta ere ez zuen gorde. Ate ondoan jarraitzen zuen, Amama Josepari eta, batez ere, Benita andreari aurre eginez.

Edorta, Blanca eta hirurok eskaileretan jesarrita geunden, galdetzeko irrikaz, baina ahoa zabaltzeko beldurrez. Sukaldean esaten zutena ulertzen ez genuela uste zuten, baina guk dena entzuten eta ulertzen genuen. Inork ez zuen Pedroren izena esaten, baina izen hura leku guztietan zegoen: sutondoan, sukaldeko leihoan, Maria jesarrita zegoen aulkian, Mariaren maletan, Benita andrearen begietan eta Amama Joseparen isiltasunean.

Larrinagan, berriz, ilara desegin zenean, ate hotz hura berriro zabaldu zen. Izeko Karmeni arnasa gelditu zitzaion, eta bat-batean aurrera egin zuen. Guardia batek besoa luzatu eta gelditzeko agindu zion.

Atearen iluntasunetik Amatxo Emili agertu zen, pauso txikiz. Aurpegia zuri-zuri zuen eta begirada lurrean iltzatuta, inora begiratu ezingo balu bezala. Ilea nahasita zuen eta berokiaren botoietako bat askatuta.

—Emili! —oihukatu zuen Izeko Karmenek.

Amatxo Emilik burua altxatu zuen. Segundo gutxi batzuk baino ez ziren igaro, baina nahikoak izan ziren Izeko Karmenek bere ahizpa ezagutzeko eta, aldi berean, zerbait aldatu zela ohartzeko.

Guardia aldendu zenean, Izeko Karmen korrika joan zitzaion. Hain gogor besarkatu zuen, ezen Amatxo Emilik, hasieran, ezin izan baitzuen arnasa ondo hartu. Bizenta atzean geratu zen une batez, ingurura begira. Ez zuen ahizpen arteko une hura zapuztu nahi.

Besarkada amaitu ostean, atetik pixka bat aldendu ziren. Bizentak eta Izeko Karmenek Amatxo Emili besoetatik goxo-goxo hartu, eta Larrinagako aldapan behera abiatu ziren. Pixka bat urrundu zirenean, Izeko Karmen gelditu eta begietara begiratu zion Amatxo Emiliri.

— Zer egin deutsue? —galdetu zion—. Zergatik sartu zaitue barrura?

— Amatxo Emilik ezpainak mugitu zituen, baina ez zitzaion hitzik atera.

— Hemendik joan behar gara —esan zuen azkenean—. Orain!

Ez zuten galdera gehiagorik egin. Amatxo Emiliri ilea goxotasunez txukundu zioten, eta hirurak aldapan behera abiatu ziren, elkarrengandik oso gertu: Amatxo Emili erdian, eta Izeko Karmen eta Bizenta albo banatan, hari eusten.

Aldapa bukatu arte ez zuen inork hitzik egin. Baina Posta Kalera iritsi aurretik, Izeko Karmenek ezin izan zion gehiago eutsi. Bat-batean gelditu eta, Amatxo Emiliri begietara begiratuz, galdetu zion:

— Pedro barruen dau?

Amatxo Emili ere gelditu egin zen. Begiak itxi eta arnasa sakon hartzen saiatu zen.

— Ez deuste esan.

— Baina zer galdetu deutsue? —jarraitu zuen Izeko Karmenek, egonezina ezkutatu ezinik.

— Izena. Abizenak. Nondik gatozen. Nork esan deuskun hona etortzeko… Dena jakin nahi eben, baina eurek ez deuste ezer esan.

Bizentak ingurura begiratu zuen. Leiho batzuk erdi irekita zeuden, eta kale bazterrean bi gizon zeuden berbetan. Ez zen segurua han jarraitzea.

— Etxera juengo gara —esan zuen—. Han egingo dogu berba.

Posta Kaleko etxera iritsi zirenean, Bizentak atea giltzaz itxi zuen. Gortinak zabaldu gabe utzi zituen, eta sukaldeko mahaiaren inguruan eseri ziren hirurak. Izeko Karmenek ur-edalontzi bat jarri zion ahizpari, baina Amatxo Emilik ezin izan zuen edan. Edalontzia bi eskuekin heldu zuen, dardara ezkutatu nahian.

Bizenta egoeraz ohartu zen. Edalontzia eskuetatik kendu zion eta Amatxo Emili besoetan bildu zuen.

Izeko Karmenek ez zuen inoiz Amatxo Emili horrela ikusi, dardarka. Ez zekien zer egin zioten han barruan, eta pentsatzen dut inoiz ez dugula jakingo Larrinagako kartzelako ate haren beste aldean zer gertatu zen.

Agirren, arratsaldea iluntzen hasi zen. Mariaren maletak ate ondoan jarraitzen zuen, eta Amama Josepa leihoan zegoen, bideari begira.

Halako batean, urrunean norbait zetorrela iruditu zitzaion. Bihotza azkartu zitzaion. Bidean silueta bat bereizten zen, gero eta gertuago.

Baina oraindik urrunegi zegoen nor zen jakiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude