Goizean goiz jaikitzen ziren Pedro, Pilar eta Reme, goizeko 5:00etan jaikitzen ziren behiak batzen hasteko, 50 behi genituen eta gero Durangora jaisten ziren esnea banatzera. Reme eta Pilarrekin egiten nuen lo, baina inoiz ez nintzen jaikitzen zirela konturatzen. Edortak eta nik ez genuen etxeko lanetan asko laguntzen, txikiegiak bait ginen eta gauzekin jolastu besterik ez genuen egiten. Behi guztiak batu ostean, esnea marmitetan sartzen zuten eta 8:30etarako esnearen banaketa egitera jaisten ziren.
Goizero legez eta denbora ona egiten zuenez martxoaren 31an ere, esneak marmitetan sartu ostean, goizeko inutzetan sartu zituzten hankak ortura joateko, belar bustiak kili kili egiten zien orkatiletan, bustiegia zegoela iritzita buelta hartu eta esne marmitak zaldi zuriaren gainean jartzen hasi ziren. Ordurako Amatxo Emili ere jaikita egoten zen eta denak batera gosaldu zuten.
Pedro, Reme eta Pilarrek zaldi zuria hartu eta beherantz jaistera zihoazenean amak gelditu zituen. Zarata gaizto bat entzun zuen, hegazkinak, sagu-zaharrak ikusi zituen urrinean, hasieran ikusteko bakarrik gelditu zituen, Agirretik Durango osoa ikusten zen Kurutziagatik hasi eta Kukutze zaharrerarte. Pedrok gerora beti gogorarazten zigun:
“Guk pentsau gañun papelak ziela lehenengotan, baña ez, gero, paperak barik, belozidadie hartu abien handixaue, eta esan gañun bonbak, bonbak diez…”
Hori ikusita eta Durangon sortu zen hautsa ikusita beranduago jaistea erabaki zuten, ez baitzen giro Durangon. Gainera, Durangon Izeko Karmen bizi zen eta bera zelan zegoen jakitzea nahi zuen Amama Josepak.
Dena ikusi zuten Agirretik, sarraskia bista pribilegiatu batetik ikusi zuten. Beldurra sentitu zuten, ez zekiten hegazkin horiek Agirretik pasatuko ziren edo ez. Gainera, gu eskolara joanda geunden Orozketara.
Udaberri ankerrena izan zen gure bizitzetan, egun iluna, lagun bat galdu genuen, Mikaela eta Durango herri bat suntsitzen ikusi zuten Agirren zeudenak. Ezin dugu ahaztu eta horretarako gure seme alaba, ilobei,… kontatu behar diegu zer gertatu zen.