Agirren denontzako lekua zegoen

Maria eta Blancak astebete behar izan zuten Agirren euren lekutxoa bilatu eta gurekin batera bizitza normala egiten hasi aurretik. Guk ahizpa bat irabazi genuen, Blanca, amatxo Emilik lagun on bat eta ahizpa bat irabazi zuen, Maria, eta Amama Josepak derrepentean alaba bat bueltatu zitzaion, Izeko Karmen eta ahizpa bat ekarri zuen berarekin, Benita andrea. Gainera, beste alaba bat irabazi zuen, Maria.

Agirren lekua egin genuen Amama Josepak eta Benita andreak gela berdinean egiten zuten lo eta Maria eta Blancari gela bat egokitu genien, denbora beharko zutelako gurera egokitzeko eta kartzela krudel hark ostutako bi urteak berreskuratzeko. Trastez beteta geneukan gela ere berehala hustu genuen, traste zaharrak sabaira igo eta behar ez genituenak txiki- txiki egin eta sutarako utzi genituen. Ohe berriak egin eta jarri genituen. Benita andrearen etxetik koltxoiak ekarri genituen, soberan zituen eta ez zuten Kale Barriako etxea jaisteko asmorik, Agirren seguruago sentitzen ziren. Familia handia baginen jada, egun batetik bestera bikoiztu egin zen gure familia. Baina denok argi genuen, bai denok, irabazi genuela.

          Blancak, Edortak eta hirurok landan gora eta behera jolasten genuen, sabaian fardo artean ezkutaketan jolasten ginen eta Amama Josepa eta Benita andreak gero eta istorio bitxi eta harrigarriagoak kontatzen zizkigun. Blanca segituan ikasi zuen euskaraz, nahiz eta, urte batzuk geroago ezin izan zuen larregi praktikatu. Edorta eta biok marrazkiak erakusten genizkion eta berak guri gazteleraz zerbait erakusten zigun eta guk berari euskaraz. Remek ere izan zuen zer esana, Blancari euskara klaseak ematen zizkion eta ondoren hirukoteari eskola normalak ematen zizkigun.

          Amatxo Emilik eta Mariak ortuan ibiltzen ziren eta hizketaldi luze luzeak izaten zituzten bien artean. Plazara jaisten zirenean Durangon batzuk txarto begiratzen zien, baina Amatxo Emiliri berdin zitzaion. Berak lagun bat, ahizpa bat eta konfidente bat lortu zuen eta berdin zion besteek zer esaten zuten. Mariak ere, ez Blanca bezain azkar, baina euskaraz ikasi ikasi zuen. Denbora pasatu ahala, Mariari ere izeko Maria deitzen genion.  Oraindik, Blanca eta biok barre algarak egiten ditugu gure Agirreko pasadizoak gogoratzen. Maria eta Blanca hementxe gelditu ziren eta urte askoan bizi izan ginen denok batera Agirren. Denok irabazi genuen norbait eta espero dut inoiz ez galtzea. Blanca, Edorta eta hirurok oraindik ere Herriara jaisten gara kafea hartzera eta kontuak kontatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude