Blancaren lehen eguna Agirren

Blanca etxera etorri zen lehen eguna gogoratzen dut, Amatxo Emili eta Amama Josepa joan ziren bere bila. Kartzelara. Pertsona bakarra sartu zitekeenez, Amatxo Emilik  ate beltz haietatik aurrera egin zuen, bakarrik.  Bitartean, Amama Josepa izeko Karmenen etxera hurbildu zen nola zegoen ikustera. Amatxo Emilik, ate beltz hura sabelean korapilo estu bat zuela zeharkatu zuen., bazekien zer nolako gogorra izan zitekeen ama batentzat bere alabarengandik urruntzea., nik ere orain ulertu dezaket zer izan zitekeen hura Mariarentzat. Baina hori egin ezean, Blanca berriro ikusiko ez zuela bazekien, beraz, nahiz eta alabaregandik urrundu, aukerarik onena zela uste zuen.

Amak atea igaro eta monja frantses haiek umea ekartzeko hainbat katramila egin zizkioten, amatxo baserritarra eta ezjakintzat hartuta. Mila galdera egin zizkioten, larregi gauza onerako. Baina Amatxok erakusten zuen irmotasunak monjak ere aspertu zituen eta Blanca ekarri zioten, Agirrera bidea egiteko. Blancak begiak gorri zituen, ez zuen amaren albotik alde egin nahi, baina amak ipuin bat kontatu zion. Ezin izan zuen ipuina negar malkorik gabe bukatu, baina Blanca lasaiago joan zen monja harekin.

Amatxo Emilik Blanca altzoan hartu zuen eta besarkada gozo bat eman zion, inoiz ez zuen bere ama ordezkatuko baina jartzeko altzo bat beti izango zuela zin egin zion. Amama Josepa berriz, kanpoan zegoen urduri, ezin egonarekin, kale Barriatik Kartzelaraino maratoia egiteko beste Kilometro egin zituen. Amatxo Emili Blancarekin ate beltzetik irten bezain laster Amama korrika batean hasi zen San Agustinetik eta kartzela atarirarte. Estu estu hirurak besarkatu eta etxera bidea egin zuten.

Blancak berehala ulertu zuen egoera eta Agirrera heldu bezain laster Edorta eta nirekin jolasten hasi zen. Askotan umeek duten inozentzia horrek egoera berritara moldatzeko erraztasuna ematen die eta Blancari horrela gertatu zitzaion. Edorta eta biok jolasten ikusi ginituenean, berehala batu zen bera ere.

Agirrera heldu bezain laster, Amama Josepa Izeko Karmenengana joan zen segituan, Kale Barriako bere etxearen berri emateko. Ez zituen berri onak ekarri, norbait etxera sartua zen, baina bere zorionerako ez zuen gauza handirik eraman, baliozko asko ere ez zegoen eta. Benita Andreak ez zuen gauza askorik etxe hartan, gerra krudel hura hasi zenean Durangoko erreketeak jada, Benita Andrearen aita nor zen jakinda, etxean sartu eta baliozkoa zutena eraman zuten.

Blancak eta biok ezkutaketan jolasten genuen, askotan fardo artean galtzen ginen eta bata bestea topatu ezinik ibiltzen ginen. Amama Josepak bazkaltzeko eta afaltzeko hiru edo lau aldiz deitu behar izaten zigun. Oraindik gogoratzen gara nola Blancaren lehen egunean ezkutaketan jolasten ginen bitartean fardo artean galdu ginenekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude