Emakume ezezagunak ezagutzen

Durangora jaitsi ginen zapaturo lez, esneak marmitatan hartu eta dringilin drangalan joaten ginen Edorta eta biok marmitak eusten. Gure misio bakarra esne tanta bate ere ez jaustea zen. Amama Josepa atzetik joaten zen bidea zaintzen, Amatxo Emili aurretik bidea zabaltzen eta Aitatxo Anton etxean gelditzen zen ganadua zaintzen. Durangora orain Funbarri dagoen bidetik jaisten ginen, Larrinagatxutik zetozenekin batzen ginen bertan, Julita eta Teresarekin hain zuzen ere. Garai ilunetan eta Julitari pasatutakoa eta gero, denok batera jaisten ginen eta tentuz pasatzen ginen erreketeen tabernak eta etxe inguruetatik.

Trenbide ingurutik pasatzen ginen askotan, zer edo nor saiheste aldera. Baina askotan ikusten genituen militarrak emakumeak erdian zituztela hara eta hona erabiltzen zituztela. Ez genekien nortzuk ziren, hasieran, deabrutzat genituen, eskolan batzuek edozer esaten zuten eta. Edortak eta biok informazio gutxi geneukan, ez zigutelako askorik kontatzen. Pare bat astetan ikusi genituen eta nortzuk ziren galdetu genion Amama Josepari. Amamak egunero bezala ipuin bat kontatu zigun, egun horretan emakume haiek nortzuk ziren kontatu zigun. Hain ondo gogoratzen dut orain ere, gaur hemen idatziko dudala, Magali eta Lurri kontatzen diedan bezala.

Amama Josepak kontatzen zigun bezala, euren herrietatik bidali zituzten gu bezalako umeei irakurtzen eta idazten irakastearren. Neguko egun ilunak ziren, eguzkia ateratzen zen baina guk ez genuen ikusten, behelaino arraro bat geneukan egunero, dena iluntasunetik ikusten genuen. Behelaino artean, Durangora jaisten ginenetan askotan ikusten genituen marroiez edo urdinez jazten ziren munstro gaizto batzuk, Durangoko alde batetik bestera eramaten zituzten, amatxo Emili bezalako emakumeak joaten ziren munstro gaiztoen erdialdean. Ez zuten ezer egin baina umeak beldurtu egiten ziren, arropa zarpailduekin joaten baitziren. Baina bazegoen neskato bat, inozentziaz begira begira gelditzen zena eta emakumeak ondotik pasatzen zirenean barre txikitxo batekin musu bat bidaltzen ziena. Lehen aldiz egin zuenean, amatxo Emiliren antza zuen andre batengana hurreratu zen inozentzia osoz eta musu ematera hurbildu zenean munstro horietako batek ia besoetan hartu eta jan zuen, baina amama Josepak besotik hartu eta bere magalean babestu zuen.

Emakume haiek beste asko bezala, desberdin pentsatzeagatik, emakume izateagatik, etxeko gizonen bat topatu ez zutelako,… izan ziren gartzelaratuak, guk hasieran ez genuen ezer ulertzen. Denak ziren kanpotarrak, urrin bizi zirenak eta bat ere laguntzarik ez zutenak. Askotan Durangoko emakume asko eta askok laguntzen zien. Gu amama Joseparekin zapaturo joaten ginen paketea eramatea. Ez geneukan asko baina plazatik bueltan pakete txiki bat egiten genuen eta bataren edo bestearen koinata edo urruneko lehengusina bezala joaten ginen.

Oraindik Maria eta Blancataz gogoratzen naiz, ama alabak ziren, Blancak 4 bat urte zituen eta Maria amatxo Emiliren adinekoa zen, baina kartzelak 15 urte gehiago jarri zizkion bere bizkarrean eta nagusiagoa ematen zuen. Blanca gure antzera ez zen askotaz konturatzen, gosea pasatzen zuen baina inozentzia horretan bizi zen, kartzelan zeuden amek ondo babesten zituzten euren seme alabak. Zapaturo ikusten genituen kartzela ingurutik pasatzen ginenean baina inoiz ezin genuen Blancarekin jolastu.

Elena eta Mikaela, lagunak baino gehiago

Txiki txikitatik batera ibiltzen ginen Elena, Mikaela eta hirurok. Durangora jeisten ginen amatxo Emili eta Amama Joseparekin batera esnea saltzera, Elena eta Mikaela ere euren amatxoekin jeisten ziren eta Andra Mariko elizpean postu eta postu artean ezkutaketara jolasten genuen. Askotan Eugenia eta Teresak errieta egiten ziguten euren postuetan tomate bat edo letxuga bat mugitzen genielako.

Eskolan ere batera jartzen ginen Elena alde batean, Mikaela erdian eta gero ni, beste aldean. Eskola ondoren, San Andresera bueltatzen ginen hirurok kontuka eta kantuka.

Udaberri ankerrena iritsi zenean, ezin genuen lehenago egiten genituen gauza gehienak egin, amatxo Emilik beldurra baitzuen zerbait gertatuko zitzaigulakoan. Bataren eta bestearen etxe inguruan jolasten genuen, eta gero bataren amak edo bestearen amamak etxeralaguntzen zigun, ez ziren ingurukoekin fio, beldurra hezurretaraino sartua zuten.

Gaur egun ere, Elena eta biok kafea hartzera jeisten gara egunero Herriara, asko gogoratzen gara umetako salto, brinko, kontu eta oroitzapenez, eta batez ere, Mikaelataz. Barre eta barre artean negar anpuluren bat ere ateratzen zaigu lehengo denporak gogoratzean.

Amatxo Emili

Nire ama, Emili, txikia zen, amama Joseparen antza zuen. Oso argia, langilea eta izaera gogorreko emakumea zen. Etxea gobernatzen onena, garai zailetan ere, aurrera egin genuen berari esker. Munduko amatxorik onena zen, edozer egiten zuen bere seme alabei ezer falta ez izateko. Aitak ordu asko egiten zituen etxetik kanpo, lanean. Beraz, amak  amama Joseparekin batera etxean egin beharreko dena egiten zuten, etxe barruan zein kanpoan.

Ni txikiena izanik, amak begiko ninduen eta konplizitatea genuen. Askotan ezer esan gabe ulertzen ginen eta nahiz eta ni ume bat izan amak nirekin kontatzen zuen gauza asko egiteko. Mezulari ona, guk sentitzen genuena besteei transmititzeko gai zena, baita gu babesteko ere.

Etxean lan asko zegoen egiteko, beraz, amak eta amamak Edorta eta ni mandatari lez bidaltzen gintuzten etxearen alde batetik bestera gauzak hara eta hona ekartzen, eta batzuetan albokoengana bidaltzen gintuzten zerbaiten bila, Edortak eta nik jolas bezala hartzen genuen.

Zorigaiztoko gerra hura hasi zenean berriz, amak ez zigun jada albokoengana joaten uzten. Landetatik pasatzen ginenean balen txirristadak entzuten genituen eta amak arriskua ikusita, bera joaten zen. Edortak eta nik ez genuen ezer ulertzen, txirristadak bakarrik entzuten genituen eta ziztu bizian zihoan txori bat zela uste genuen.

Ama oso jakintsua zen,  gure jakinmina asetzen zuen, nahiz eta guk ase ezina zela pentsatu. Oraindik gogoratzen dut amak esandakoekin, askotan esaten zigun: kontuz ibili esandakoekin albokoak ere etsai bihurtuko zaizkizue eta bestela. Zenbat arrazoi zuen amak, batez ere txoriak ziztu bizian pasatzen ziren garai haietan. Alde bietara begiratu behar genuen ahoa zabaldu aurretik, harripetik ere mingain zorrotzeko entzuleak irteten baitziren.