Zapatua, Plaza eguna.

Beti erakutsi didate gorrotorik ez izaten, nahiz eta batzuek eragindako minak gorrotatzeko arrazoi nahikoa dela deritzot. Askotan isildu eta ezkutatu behar izan dugu. Amama Josepak ikusi, entzun eta isiltzea hobeto zela zioen ekitea baino. Nahiz eta askotan horretan ez zen eredurik onena.

Hasieran, Edortaeta biok ez genekien zer gertatzen ari zen, ez genuen ulertzen kalean ibiltzeak edo ahoa zabaltzeak zer suposa zezakeen. Txikiegiak ginen egoera hura ulertzeko. Amama Josepa oso abila zen errealitate latz hura jokuz makilatzeko. Guretzat Dena zen jolasa, kanpaikadak ezkutaketan zenbatzen genituen zenbakiak ziren, kanpaikadak bukatu aurretik iritsi behar ginen babeslekura.

Amatxo Emili berriz, ezin egon iraunkor baten bizi zen, bere belaun dantzarietan antzeman zitekeen. Ez zen oheratzen Remek eta Pedrok kortako atea sano eta salbu pasa arte. Ezkutuko lanetan zebiltzan beti eta berandu arte ez ziren etxera bueltatzen, amatxok noizean behin bazekien zertan zebiltzan, baina askotan nahiago zuen ezer ez jakin, etxera bueltatzea besterik ez.

Zapaturo bezala, Durangoko plazara jeisten ginen esne marmita eta guzti esnea saltzera. Pantxike izeneko zaldi zuriari gurdi bat jarrita jeisten ginen, ama eta amama oinez eta gu gurdian esne marmitak zaintzen. Plazara iritsi bezain laster, Elena eta Mikaelarekin elkartzen ginen, baserritarrek beti errieta egiten ziguten barazkiren bat edo beste lurrera botatzen genituelako. Zapatu hartan ez ziren baserritar guztiak jeitsi, bidean lar bakarrik jeitsi ginen eta amak Mari Isundi eta Julita bota zituen faltan lehenengo begiradan.

Edorta eta ni jolasean genbiltzala, guk botatako barazki eta esne marmiten tapak ondo jartzen zebilela, senak esanda edo, elizpeko arku zentralera zuzendu zuen begirada, amak zuen sen berezi harek bertatik pasatzen zen emakume baten aurpegiari egin zion so. Arpegi hura ezaguna egiten zitzaion baina hain zegoen triste, zarpail eta desitxuraturik, ez zela ezagutzera iristen. Ezer esan gabe begira jarraitu zuen eta segituan berarengana joan eta besarkada estu bezain goxo batean batu zuen emakumea, negarren anpuluak garbitu zizkion eta lehen bezain goxoa zen besarkada eman zion. Guk ez genekien zer gertatzen zen, ez genuen emakume hura ezagutu, nahiz eta pentsatu baino gertukoagoa izan. Amatxok Amama Joseparen ondora joan eta ahopeka hitz egin ostean, emakumea magalean bildu eta berarekin arkupetan lehenengo eta Artekale barrena galdu ziren gero.

Edortak eta nik 1001 galdera egin genizkion amama Josepak metralleta baten hotsa izango balitz bezala. Baina gure amamak bazekien gu nola distraitu, hiru istoria zoragarri eta liluragarri kontatu zizkigun gertatutakoa ahaztu genezan.

Gerora jakin genuen, ezagutu ez genuen emakume hura gure bizilagun zen Julita zela. Bere seme nagusiena, Justo, Pedroren laguna eta lantegian ere batera zebiltzan. Asturias aldera alde eginda zegoen, Asaltoko guardiak behin baino gehiagotan bere etxeko atea bortizki jo zuten, baina behin ere ez zuten etxean aurkitu.

Aste haretan ere Julitaren etxera joan ziren, atea jo zuen erreketeak ez zuen oso umore oneko eguna eta Justo etxean ez zegoela ikusirik, Julita eta bere alaba nagusia, Presen eraman zituzten diligentzietara, Oskar eta Edurne etxean bakarrik utzita. Bi egun pasa ostean, Julita askatu zuten Kazkamotz eta litro bat errezino olioa plater nagusitzat zuen menua emanda. Presen berriz, ez genuen denbora askoan ikusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude