Agirren ez zegoen Bilbotik zetorren berririk, ez zekiten amatxo Emili eta Izeko Karmen noiz etorriko ziren. Edorta eta biok ere jada ez geunden lasai, amatxo Emili denbora askoan falta genuen eta bere besarkadak faltan genituen. Blancak ere faltan botatzen zituen eta zer esanik ez, Maria oso urduri zegoen, bera ere Bilbora joateko prest zegoen, oso arduratuta zegoen.
Bizenta Larrinagako aldaparen azken zatira iritsi zenean hankak gelditu egin zitzaizkion berez, berak nahi gabe. Ez zen ilarara gerturatzen ausartzen, baina behin hara iritsita ezin zuen atzera egin. Barruan zuen oraindik arinago entzundako oihu isila. Goiko kale estuan hainbat pertsona ikusi zituen pilatuta: emakume batzuk hormaren kontra burumakur eta besoak gurutzatuta; gizon bat txapela eskuetan estutzen; eta beste aldean uniforme ilunak, tarteka aurrera eta atzera mugitzen zirenak, kale oso itotzen zuten.
Arnasa estutu zitzaion.
Ez zekien goiko kale hartan nor zegoen, ez zuen ondo ikusten eta urduritzen hasi zen, Amatxo Emili eta Izeko Karmen izan zitezkeen. Larrinagako atari aurrean atea erdi zabalik zegoen; inoiz ez zen ate hori zabalik izaten. Atearen zirrikitutik hotza eta heze usaina zerion, harrizko pareten eta gau oso bateko beldurraren usaina.
Bizenta beldurrez gerturatzen hasi zen. Inork ez zion ezer esan, lerroan denak zeuden isilik, begirada batzuk gainera erori zitzaizkion berehala. Emakume zahar batek, beltzez jantzita zegoen eta buruan zuen zapia kokotseraino lotuta zuenak, segundo batez eutsi zion begirada eta beherantz makurtu zuen burua segituan. Keinu txikia izan zen, ia ikusezina, baina nahikoa, Bizentak bazekien zerbait gertatu zela.
Bai zerbait gertatu zen, isiltasun handiegia zegoen Larrinagako lerroa izateko ere.
—Emili…. Karmen…?- xuxurlatu zuen Bizentak, ahotsa hautsiz.
Inork ez zuen entzun ezta erantzun ere.
Orduan ikusi zuen Izeko Karmen, buru makur, ia negarrez.
Eskaileraren alboan zegoen, bakarrik, horma hotzari helduta, aurpegia zurbil eta begiak gorri. Bizenta korrika hurbildu zitzaion, saskia lurrera jausi zitzaion, ohartu ere ez zen egin eskuan zer zuen ere eta Izeko Karmen besarkada estu batean hartu zuen..
—Karmen! Zer gertatu da? Eta Emili? – belarrira xuxurlatu zion.
Karmenek ezin zuen hitz egin, ezpainak dardarka zituen eta arnasa hartzeko ere indarra falta zitzaion. Ezin zion arnasari buelta eman. Azkenean, besarkadatik askatu eta Bizentaren besoa heldu eta indarrak atera eta zera esan zion.
—Ez digute sartzen utzi… —esan zuen ahapeka, ia ulertu ere ez zitzaion egiten—. Gaua hemen pasa dute batzuk… eta gaur goizean…
Ezin izan zituen esaldiak bukatu, arnasa falta zuen eta Bizentak ezin zuen egoeraren larritasuna oraindik barneratu.
Hitz guztiak airean geratu ziren, ez ziren Bizentaren belarrietara iritsi.
Goitik zarata bortitz bat entzun zen orduan: ate metaliko baten kolpea, eta gizonezko baten oihu labur bat. Kale osoa izoztu egin zen segundo batez. Inork ez zuen mugitu nahi izan.
Bizentak gora begiratu zuen.
Bigarren solairuko leiho estu batean itzal bat agertu zen une batez. Aurpegi bat zirudien. Norbait barrutik begira.
Eta berehala desagertu zen berriro.
Ona Zara
Eskerrik asko!!!