Zapaturoko bisitak

Zapaturo, plazara jaisten ginen bakoitzean, Emakumeen kartzelaren aurretik pasatzen ginen. Euri zein elur, eguzki zein laino, gu pasatzen ginean beti zeuden kanpoan, gazte zein zahar, gaixo zein osasuntsu, eguna patioan pasatzera behartzen zituzten. Jaisten ginen bakoitzean Blanca eta beste ume batzuk patioan korrika ikusten genituen jolasean, bertan zeuden emakumeak inguruan zituztela. Durangoko plazan, emakume talde bat batzen zen gure postu inguruan. Amatxo Emilik indarra zuen, ziurtasunez esaten zituen gauzak eta plazan zeuden emakumeek Amatxo Emilik esandakoak miresmenez entzuten zituzten.

Amatxo Emili emakume librea zen, amama Josepak ondo erakutsi zion lez, gizona topatu dezakezu baina ez utzi inoiz isilarazten. Baina Aitatxo Antonek inoiz ez zion horrelakorik egin, dena egiten zuten hausnartuta, bien artean pentsatuta.

Gure postu inguruan batzen ziren azoka bukatzera zihoanean, denak batzen zeudela aitzakiatzat hartuta. Bakoitzak paketetxo bat egiten zuten, gero etxera joan aurretik Kartzelan paketea uzteko. Durangaldeko biztanleek ez zuten askorik, baina zutena banatzen zuten. Kartzelan zeuden emakumeek beti esaten zuten, Durangoko emakumeen laguntzagatik izan ez balitz, asko hankak aurrean zituztela irtengo zirela bertatik.

Kartzeletako umeen inguruan lege berri bat atera zuten, 5 urte baino gehiago zituzten haurrak kartzeletatik atera behar zirela esanez. Ama askok ez zuten inor umeak uzteko eta askotan kartzelatik irteten ziren emakumeekin bidaltzen zituzten euren seme alabak herrira. Baina bazegoen emakume andana bat, familia erdia baino gehiago fusilatuak izan zirenak eta baita hain denbora gutxian umeen bila etorri zitekeen familiartekorik zutenik. Beraz hori jakinik, Durango eta inguruetako hainbat familiek haurrak hartu eta familiako beste kide bat balitz bezala zaindu zuten. Blancak jadanik 5 urte bete berri zituen eta Mariaren zoritxarrerako Blanca ere kartzelatik atera behar zuen, bestela adopzioan emango zuten eta ez zuen berriz ikusiko. Amatxok bazekien hori, beraz Mariari Blanca gurera etortzeko gonbita egin zion. Astero- astero joango ginela berarekin komunikatzera, azken aldian bezala. Amatxok zin egin zion bere sei seme alabak bezala maite eta zainduko zuela Blanca eta Maria irteten zenean, Agirren izango zuela bere alabatxoa zain.

Maria Durangotik Saturraranera eraman zuten, baina Amatxo Emilik ez zuen bere hitza alde batera utzi, astero- astero Blanca hartu eta Saturraranera abiatzen zen Mariari bisita egitera, bere pakete eta guzti. Aurreko egunean irteten ziren eta gaua, Serafinaren etxean pasatzen zuten. Serafina, amaren betiko laguna zen, bere sasoian Ondarroara ezkondu zena. Goizean arropak aldatu eta bisita ordurako Saturraranera joaten ziren. Bisita gelan zarata zen nagusi, denak nahi zuten hitz egin eta erdian zeuden guardiek ez zieten askorik laguntzen. Mariak Blanca astero ikusten zuen, bata bestea asko botatzen zuten faltan.

2 urte eta gero, Maria aske geratu zen azkeneko epaiketan 6 urteko espetxe zigorra absoluzio bihurtuta. Baina jakina denez, deserriratzea aplikatu zioten eta ez izan zuen Leoneko bere herrira bueltatu. Amatxo Emili eta Amama Josepa joan ziren Ondarroara bere bila. Ez baitzuten jakin noiz irtengo zen, baina amatxok esana zion Ondarroara joateko eta bertan Serafinak hartuko zuela bere etxean eta jakinaraziko ziotela. Horrela, bi egun beranduago amatxo eta amama Ondarroara joan ziren Mariaren bila, Serafinaren etxeko atea jo eta laurak negarrez hasi ziren pozarren. Serafinari eskerrak eman, amatxoren soineko loreduna eraman zioten Mariari Ondarroatik bueltatzeko, hura jantzi eta etxera buelta egin zuten.

Gau aldera, denak atartean geunden gure etxeko hiru emakumeak noiz etorriko zain, zortziak izango ziren eta urrunean amama Joseparen painelu gorria ikusi nuen haizearekin firin faran. Blanca eskutik heldu eta korrika batean eurengana joan ginen. Ez dut inoiz ahaztuko Blanca eta Mariaren arteko besarkada hura. Negar batean hasi ginen bostok eta nik amatxo eta amamari besarkada estu estu bat eman nien.

Blanca eta biok askotan gogoratzen gara egun hartaz, orain ere, negar anpuluak izaten ditugu begietan egun haietaz gogoratzen garenean. Zenbait oroitzapen on, zenbat poz eta tristura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude