Hilabeteak aurrera egin zuten egutegian eta Agirren denak ohitu ginen batera bizitzera. Denontzat izan zen positiboa bat edo bestea bertan gelditzeak. Baina egunak aurrera joan ahala beldur batek ar bat sortu zuen nire baitan. Ez nuen sinisten nola bizi gintezkeen egoera anker hartan hain ondo etxean. Abentura txiki bat bizi genuela sentitzen nuen eta egunetik egunera abentura hori interesgarriagoa eta liluragarriagoa bilakatzen zebilela iruditzen zitzaidan.
Baina abentura hura oso hauskorra zela iruditzen zait, lehen txikia nintzen baina banekien edozer pasa zitekeela eta orain konturatzen naiz bizi genuen abentura zirraragarri hura kristala apurtzen den bezala apur zitekeela. Edozein bidegurutzeren ostean amildegia egon zitekeela eta denok edo batzuk behintzat maldan behera inongo zulora jausi zitezkeela. Beldurra genuen barren barrenean sartuta, asko bizi izan genuen.
Reme eta Pedro zebiltzan amildegi horretan dantzan, ezkutuan egiten zuten lan. Hara eta hona ibiltzen ziren, zertan zebiltzan inork ez zekiela, ez behintzat gure etxean. Amatxo Emili ez zen inoiz lasai egoten, baina Maria etxean zegoenetik lasaiago zebilen, ardura bien artean banatzen zuten. Egia esan, Maria eta izeko Karmen etxean zeudenetik Amatxo Emili lasaiago zegoen, babestuago sentitzen zen, hainbeste emakume eder ondoan izanda. Horrek Amama Josepari ere indarra eta lasaitasuna eman zioten, batez ere Benita andreak.
Garai hartan ezkutuan ibiltzeak ondorio lazgarriak ekartzen zituen irabazleak harrapatu ezkero. Pedro garai hartan gaztea zen, baina asko mugitzen zen leku guztietan eta batez ere ezkutuan. Milizianoak alde batetik bestera laguntzen zituen eta batzuetan Agirren ere izan genituen. Guk ezkutaketan jolasten genuen sabai hartan gordeta egon izan ziren asko eta asko. Genuen apurra denon artean banantzen genuen eta ilunetan bizi ziren haiek ere gurekin egiten zuten bizitza apurra.
Egia da, gure sabaia belarrez gain pertsonez beteta zegoenean, ez zen giro lasaia izaten, baina gu txikiak izanik, ez genuen tentsio horren zergatia ulertzen. Amama Josepak askotan kontatzen zigun zergatik zeuden pertsona haiek sabaian, bere istorio baten bitartez. Gerora konturatu naiz, zein garrantzitsua izan den Amama Joseparen istorioak entzutea.
Garai hartan, mesfidantza zen leku guztietan nagusi eta gutxien pentsatzen zenuenak salatzen zintuen. Amatxo Emilik ez zuen lorik egiten Reme eta Pedro etxean agertu arte. Egun iluna izan zen, Remek Agirrera egin zuen buelta eta inoiz baino isilago etorri zen, kaixo isil bat esan eta bere gelara joan zen ia korrika. Pilarrek Remeren jarrera ikusirik atzetik jarraitu zion eta gelan egin zuten denbora andana. Amatxo Emili eta Amama Josepa arduratuta zeuden jada, Reme eta Pedro normalean elkarrekin bueltatzen ziren etxera batak bestea babeste aldera, baina iluntze hartan Reme bakarrik heldu zen etxera, eta izandako jarreragatik, denbora bat pasatu ostean, Amatxo Emili, Izeko Karmen eta Maria gelara joan ziren eta Blanca, Edorta eta ni, Amama Josepa eta Benita andrearekin gelditu ginen eskatzean, ez zuten guk ezer jakitzerik nahi.
Amatxo Emilik segituan jakin zuen gauzak ez zihoazela ondo, eta gero esaten zuen Reme etxera sartu zenetik Pedrori zerbait pasatu zitzaiola eta bere alaba ez zela ezer esateko gai izan.
Iluntze hartan, Kurutziagan barrena Angelekin zihola, hiru errekete etorri zitzaizkion eta euren izen abizenak esan zizkieten. Hauek ezin izan zuten kontrakorik esan hiru erreketeak ezagutzen baitzituzten. Pare bat aldiz bultza egin eta kuartelera eraman zituzten. Inork ez daki zehazki zer egin zieten kuartelean, baina pare bat egun egin zituzten bertan. Reme ere Durangon zegoen lagun batzuekin eta Julian korrika etorri zitzaion pasatutakoa kontatzera, arnas estu batean iritsi zen berarengana eta Remek hori jakin zuenean korrika igo zen Agirrera.
Gaur egun ez dakigu oraindik zer pasatu zitzaion kuartel hartan Pedrori baina egun hartan abentura zirraragarri hura maldan behera zihoala sentitu genuen denok, Amatxo Emili eta Aitatxo Anton Durangora jaitsi ziren erantzunen bila. Hasieran ez zuten erantzunik topatu, zer izan ote zen Pedrok bertan jasan behar izan zuena.