Neba arreba nagusienek denbora gutxi pasatzen zuten Agirre baserrian. Denbora asko pasatzen zuten Durangon ordea, batez ere lanean. Remek maistra ikasketak egiten zituen bitartean Atxikoria fabrikan egiten zuen lan. Gau eskoletan maistra ikasteaz gain, beste mila gauza egiten eta ikasten zuten bertan. 1937an gerra bere bidea egiten zebilen garaian, ilusioa oraindik galdu gabe zegoenean, gaueko eskolen aurretik propaganda orriak egiten zituzten, beti ezkutuan.
Pedro berriz, gerra hasi aurretik, Durangoko tren estazioan egiten zuen lan. Trenak konpontzen zituen, baina gerrak aurrera egin ahala eta susmoak etsai bihurtu ahala kalera bidali zuen kontramaestreak bere pentsakerak nondik nora zihoazen susmatuta. Horrek, Pedrori faxisten aurka amorru gehiagorekin borrokatzeko indarrak eman zizkion, baina amorru horrek arazo asko ekarri ere.
Lanik gabe gelditu zenean, buru belarri ibili zen erresistentzia antolatzen, belarrietaraino sartu arte. Horrek askotan ezkutuan ibiltzea zekarren eta gure amatxok ez zuen hori ondo eramaten. Ez zuen lorik hartzen denak eta batez ere Reme eta Pedro etxera iritsi arte. Gerra amaitzear zegoela, atea jotzen zuten bakoitzean, sabaira igotzen ginen nor zenaren beldurrez, bertatik ikusten bait genituen eurek ikusi gabe.
Reme eta Pedro askotan egoten ziren arriskuan, baina biziak eta argiak ziren, edozein zirrikitutik hanka egiteko. Oso arinak eta askotan airoso irtetzen ziren arriskuan eta arazoetatik.