Edorta bidelagun izan dut bizi osoan, haurtzaroan bihurrikeriak batera egiten genituen, gaztaroan erromerietara batera joaten ginen eta zahartzaroan egunero hartzen dugu Herria tabernan kafea.
Bata bestea babesteko joera izan dugu beti, bihurrikeriak edota edozein neska edo mutil kontu. Ama eta amamaren magalean bizi ginen txikitan eta eurekin pasatzen genuen denbora gehien. Amak hitz bat edo beste idatzi eta irakurtzen erakutsi zigun eskolara joan aurretik. Edorta txikia zen bere adinerako, askotan salto egin behar izaten zuen leku batzuetara iristeko.
1937ko egunik beltzenean, martxoaren 31an, amama eta biak Durangora jeisteko asmoa zuten, baina behiak txahala egin berri zuenez, San Andresen gelditu ziren. Edortak sirena txistulariak entzun zituenean, atarira irten zen inuzenteki zer zen ikustera, bertan ikusi zituen bonbak goitik behera jausten baloiak edo karameluak izango bailiran. Amama ortutik erdi korrika zetorren sirenak entzun ondoren eta Edorta ikusi zuenean ahal izan zuen moduan altzoan hartu zuen eta etxera ekarri zuen babespean sartzeko. Edortak amamaren magala hartu zuen gotorleku lez, ez zen handik mugitu, salbu zegoela ikusi arte.