Agirre baserrian bizi bitartean pozik eta lasai bizi ginen denok batera. Hiru pisu ditu Agirrek, beheko pisuan karraju luze bat zegoen, txikitan bertan harrapaketan jolasten genuen Edorta eta biok. Karrajua bukatu eta gero sukalde handi bat, nahiko karratua zen eta mahai luze baten inguruan afaltzen genuen denok egunero. Bakoitzak bere lekua genuen gerra hasi zen arte, gerra hasi eta gero inoiz ez genuen denok batera afaltzen. Reme eta Pedro beti berandu iristen ziren, erresistentzia antolatzen ei zebiltzan ezkutuan, hori entzun nien behin ahopeka zebiltzala. Amak ez zuen begirik ixten bere bi seme alaba nagusienek kortako atea zeharkatu arte.
Agirreko bigarren solairuan, 4 logela zeuden parez pare, gurasoena eta amamarena eskuma aldean eta beste denona hauen parean. Neskak amamaren pareko logelan egiten genuen lo, ni gauaren erdian askotan joaten nintzen amamaren ohera korrika baina zaratarik egin gabe, ezin nituen nire ahizpak esnatu eta. Batzuetan Edortarekin elkartzen nintzen eta biok barre txiki bat eginez amamaren ohean sartzen ginen. Beti esku zabalik hartzen gintuen, konturen bat kontatu eta segituan lokartzen ginen. Gerra hasitakoan, askotan lotara amamaren logelara joaten nintzen niretik pasatu gabe, beldurra nuen eta amamak bere beso artean babesten ninduen. Zaratarik txikienak ere garai haietan kezkatzekoak ziren.
Azkeneko solairuan berriz ganajatekoak egiteko belar fardoak eta traste zaharrak besterik ez zeuden sabai haretan. Askotan Edorta eta biok fardo artean jolasten genuen, ezkutaketan, fardoen gainetik salto eta txiribueltaka,… amak edo amamak harrapatu arte. Baina etxean gerraren zantzuak sentitu zituztenean, Edortak eta biok debekatua genuen sabaira igotzea, zerbait gertatu zitekeen beldur. Frontea gertuegi geneukan eta edozer agertu zitekeen sabai hartan. Amak gerora kontatu zigun, hegazti azkar bezain arinen bezala pasatzen zirela soldaduei alde egindako balak gure baratze ingurutik. Orain ulertzen dut, zergatik gordetzen ginen arto artean luze etzanda txori azkar haiek pasatzen ziren bakoitzean.
Etxe aurrean berriz, orduak eta orduak egoten nintzen amamarekin jolasean lehenengo eta Pilarrek eta Remek irakurtzen erakutsi ziotenean berriz, beraiek egindako ipuinak irakurtzen. Oraindik gogoan ditut, Benito artzainaren abenturak eta desbenturak! Azkenean eskolan pasatzen ez genuen denbora topera aprobetxatzen genuen, minutu bakoitza azkena izango balitz bezala.