Txiki txikitatik batera ibiltzen ginen Elena, Mikaela eta hirurok. Durangora jeisten ginen amatxo Emili eta Amama Joseparekin batera esnea saltzera, Elena eta Mikaela ere euren amatxoekin jeisten ziren eta Andra Mariko elizpean postu eta postu artean ezkutaketara jolasten genuen. Askotan Eugenia eta Teresak errieta egiten ziguten euren postuetan tomate bat edo letxuga bat mugitzen genielako.
Eskolan ere batera jartzen ginen Elena alde batean, Mikaela erdian eta gero ni, beste aldean. Eskola ondoren, San Andresera bueltatzen ginen hirurok kontuka eta kantuka.
Udaberri ankerrena iritsi zenean, ezin genuen lehenago egiten genituen gauza gehienak egin, amatxo Emilik beldurra baitzuen zerbait gertatuko zitzaigulakoan. Bataren eta bestearen etxe inguruan jolasten genuen, eta gero bataren amak edo bestearen amamak etxeralaguntzen zigun, ez ziren ingurukoekin fio, beldurra hezurretaraino sartua zuten.
Gaur egun ere, Elena eta biok kafea hartzera jeisten gara egunero Herriara, asko gogoratzen gara umetako salto, brinko, kontu eta oroitzapenez, eta batez ere, Mikaelataz. Barre eta barre artean negar anpuluren bat ere ateratzen zaigu lehengo denporak gogoratzean.